Soberakinei esker, Erraldeko zorra kitatu du Berrizko Udalak

Anboto 2014ko api. 2a, 13:53
Aurreko urteko kontuen likidazioa eginda, 800.000 euroko soberakina dauka Berrizko Udalak, eta diru hori bankuekin dituen zorrak ordaintzeko erabiltzen hasi da. Lehenengo eta behin, Erraldeko gastuei aurre egiteko maileguaren bere zatia ordaindu du; 334.000 euro. Jada ez dauka hiltegiko egitasmoagaz lotutako zorrik.

 

Erralde sozietateko gastuentzako mailegua izan da kitatzen lehenengoa. Udalak 334.000 euro bueltatu behar zizkien BBVA eta Laboral Kutxari. Urtarrilean, diru hori hamar urtean bueltatzeko kontratua sinatu zuen udalak bankuekin, baina ez du horrenbeste denbora behar izan; soberakineko diruagaz ordaindu du zorra.


Zorra kitatuta, maiatzaren 10ean beste mailegu baten azken kuota ordaintzeko moduan dago Berrizko Udala. Beraz, udaletxe berriko lanak zirela-eta, bere garaian kontratatutako kreditua itzultzeko moduan da.


Bi mailegu horiek bueltatuta, udalak ez du zorrik izango banketxeekin. 2014ko ekintzetan “zerbitzuak mantentzea” du helburu, aurrekontuak onartu zituztenean azaldu zutenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!