Mugikortasun arazoak dituztenek herrigunerako erabili ahalko dute auzo-taxia

Anboto 2014ko mar. 25a, 13:35
Auzo-taxi zerbitzuko taxistak eta alkatea, iaz zerbitzua aurkeztu zutenean.
Auzoetatik herrigunera eta auzoz auzo joan-etorriak egiten urtebete daroa Berrizko auzo-taxi zerbitzuak. Oraindik aurrera, herrigune barruan mugitzeko aukera ere eskainiko du, mugikortasun arazoak dituzten herritarrentzako.

 

Urte honetako balorazioa egindakoan, “erabilera ez-ohikoak” ikusi dituztela azaldu du Orland Isoird Berrizko alkateak. Herritarrek zentroan mugitzeko erabili dute taxia, “eta hori ez zen helburua”. Aukera hori, hala ere, beharrezkoa ikusi dute mugikortasun arazoak dituztenentzat.

Herriguneko zerbitzua erabiltzeko, mugikortasun edo-eta menpekotasun arazoak dituztela dioen Bizkaiko Foru Aldundiaren agiria aurkeztu behar dute, edo arazoa aldi baterakoa denean, medikuak emandako ziurtagiria. Eskaera udal bulegoetan egin ahalko da, astelehenetik barikura 10:00etatik 14:00etara. 


380 erabiltzaile
Auzo-taxiko erabiltzaile txartela 380 berriztarrek daukate. Astelehenetik zapatura ematen dute zerbitzua taxi-gidariek, astegunetan 07:30etik 21:00ak arte, eta zapatuetan goizez, 09:00etatik 14:00etara. Taxi gidalari bi dabiltza lanean, eta euren telefono zenbakia 650 022 800 da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!