Trenbideko pasaguneak kentzeko beharra gogoratu dute

Anboto 2014ko mar. 20a, 10:36
PSE-EEk aurkeztutako mozio baten bidez sortu da eztabaida Berrizko osoko bilkuran. Aho batez onartu dute testua, nahiz eta EAJk eta Bilduk mozioaren eraginkortasuna zalantzan ipini zuten.

Trenbideko pasaguneak kentzeko beharra gogoratu zuten Berrizen, eguazteneko udalbatzarrean, Francisco del Pino (PSE-EE) zinegotziak bultzatuta. PSE-EEko kideak mozioa aurkeztu zuen Eusko Trenbide Sareari, eta Ingurugiro eta Lurralde Politika Sailari pasaguneak kentzeko eskatzeko, eta aho batez onartu zuten gainontzeko zinegotziek. Berrizen bost pasagune daude guztira.


Onartu arren, EAJk eta Bilduk mozioaren eraginkortasuna zalantzan ipini zuten. Orland Isoird alkateak (EAJ) gogoratu zuen Lurralde Zati Planean barneratuta dagoela gai hori, udalak eginiko alegazioei eskerrak; gaur egungo eremua baino apur bat goragotik lurperatuko litzateke trenbidea. Baina Eusko Jaurlaritzak egin beharreko obra hori oso garestia izango da, eta gaur egungo egoera ekonomikoak ez du laguntzen. “Milaka milioi euro ez dute bat-batean inbertituko”.


Xabier Zalduak (Bildu) adierazi zuen imajinatzen duela ez gaudela makro obren sasoian. Baina Eusko Jaurlaritzak dirua beste proiektu batzuetan gastatzen duela kritikatu zuen: “Nahiago du AHTan inbertitu”.
Durangon lurpetik doa trena 2012ko abendutik, baina berriztarrek, momentuz, itxaron egin  beharko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!