Berrizko ongizateari ekarpenak egiten 34 urte egin ditu udal kontseiluak

Anboto 2014ko mar. 10a, 09:54
Ezkerretik eskumara, Jose Chavez, Hanane Jhibak Liazid, Mariaje Garcia eta Orland Isoird
Duela 34 urte, Berrizen 4.200 biztanle eta mediku bakarra zutela hasi zen martxan udal kontseilua. Osasun arloko ardura hori izan zen herritarrek eta udal arduradunek osatzen duten kontseiluaren lehenengoa. Ordutik hona egindako ibilbideari buruz eta herritarren parte hartzeari buruz hitzaldia egingo dute martxoaren 13an.

 

Izen luzea dauka udal kontseiluak: Osasun, Ongizate, Kooperazio eta Inmigrazio kontseilua da. Bertan herriko hainbat elkarte eta norbanako batzartzen dira, gizarte arloko errealitateari buruz eztabaidatu eta proposamenak egiteko. Martxoaren 13an hasunarketarako tarte bat hartuko dute, eta hitzaldia antolatu dute kultur etxean. Imanol Telleria EHUko Parte Hartuz masterreko kidea izango da hizlarietako bat. Bere alboan, Jose Chavez egongo da. Kontseiluaren hasieratik bertako kide da Chavez, eta bertan bizi izan duen esperientziaz egingo du berba.

Jardunaldiaren aurkezpenean izan dira Jose Chavez bera, Orland Isoird Berrizko alkatea, Maria Jesus Garcia gizarte langilea eta kontseiluko kidea eta Hanane Jhibak Hazid Marokkotik Berrizera etorriko herritarra eta kontseiluko kidea.

Momentu honetan udal kontseiluan kide hauek daude: Gure Izarra emakumeen elkartea, Gure Izerdia nagusien elkartea, Caritas, Berriz Ere kultur erlkartea, Saharako elkartea, marokoar kolektiboa, errumaniar kolektiboa eta senegaldar kolektiboa. Elkarte horiez gain, berriztar norbanakoak eta udal ordezkariak batzartzen dira kontseiluan hilero.

 

Kontseiluaren eginkizunakIazko kulturarteko jaia

Gaur egun egonkortuta dauden hainbat jarduera antolatzen ditu udal kontseiluak: Kulturarteko jaia eta Sahararako elkartasun karabana, esaterako. Elikadura bankurako boluntario ere badira kontseiluko kide batzuk, eta gaixotasun arraroak dituztenei laguntzeko tapoiak batzeko kanpaina lakoak ere bertatik bideratzen dituzte.

Kanpotik Berrizera etorritako hainbat kolektiboren elkargunea ere bada udal kontseilua. Hanane Jhibak Hazidek nabarmendu duenez, "elkar ezagutzeko bideak erraztu ditu kontseiluak". Jose Chavezek kontseiluaren hasierako urteak gogoratu ditu. Berak 27 urte zeuzkan ekimena hasi zenean: "Ilusio itzelagaz hasi genuen bidea, arazo guztiak amaituko zirela pentsatzen genuen". Berriz asko aldatu da urteotan. "Baina nork esango zigun, 34 urte ondoren herriko familientzako janari bilketa egin beharko genukeenik". Premia dagoen artean ilusioz lanean jarraituko dutela esan du Chavezek.

2014rako izaera sozialdun egutegi bat osotu gura dute alfabetazioaren nazioarteko eguna, lurraren eguna edo Berrizen emakumeen lehen eskola sortu zeneko urteurrena gogoratzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!