Inbertsioen erdia inguru Iturritza kalea konpontzeko erabiliko dute

Anboto 2014ko mar. 4a, 10:40
EAJk aurrekontuen alde bozkatu du, eta Bildu eta PSE-EE abstenitu egin dira.
2014ko aurrekontuak onartu ditu Berrizko udalbatzak. Aurten iaz baino 451.902 euro gehiago izango ditu udalak, Udalkutxako diru sarrerei esker. Inbertsioen atalean, parte hartze prozesuan bildutako hainbat proiektu sartu dituzte; tartean, herriko kale nagusia, Iturritza, konpontzen hastea.

 

5.548.902,08 euroko aurrekontua onartu zuten, atzo, eguaztena, Berrizko udalbatzan. EAJren aldeko botoekin eta Bildu eta PSE-EEren abstentzioarein egin dute aurrera aurrekontuek.

2014rako inbertsioen artean, Iturritza kalea konpontzeko 362.000 euro gorde dituzte. Irisgarrritasun arloan hobekuntzak egin gura dituzte; zebra-bideak altxatu, espaloiak zabaldu eta trenbide ingurua hobetu, besteak beste.

Inbertsio gehienak "herriko zerbitzuak mantendu eta hobetzeko" izango direla azaldu du Orland Isoird alkateak. Iturritzako hobekuntzena, herritarrekin iaz egindako parte hartze batzarretan aipatutako inbertsio bat da. Batzar horietan 60.000 euro nora bideratu erabaki zuten, eta 30.000 euro herri ortuak atontzeko erabiltzea erabaki zuten, besteak beste. 60.000 euro horien barruan sartutako inbertsioez gainera, batzarretan irtendako beste inbertsio batzuk ere onartu dituzte azkenean. Tartean, auzoetan abiadura moteltzeko euskarriak ipintzea, adibidez.

Nobedadeen artean, BTT ibilbide bat egitea dago, Iñaki Lejarretaren izena izango duena. Horretarako 6.000 euro erabiliko dituzte. Horrez gainera, kultur etxerako proiektore digitala erosiko dute, 50.000 euro ordainduta.

 

Gizarte ongizate alorra

Gizarte ongizate alorrera iaz baino 22.000 euro gehiago bideratuko ditu Berrizko Udalak. Larrialdietako diru-laguntzetan egongo da igoera, besteak beste, iaz, aurreikusitakoa baino eskari gehiago egon zirelako. Gizarte ongizatea eta berdintasun arloko lanpostua egonkortzeko asmoa ere agertu dute. Orain arte urtero lehiaketara irten da lanpostua, eta Raxoiren legearekin udalak ezin duenez pertsonak zuzenean kontratatu, enpresei deialdia egiten jarraituko du, baina lau urterako kontratazioagaz. Ekainean egingo dute deialdia, eta hasteko bi urterako izango da kontratazioa, beste bi urte luzatzeko aukerarekin.

 

Aurten ere, parte hartze prozesua

Iazko moduan, aurten ere datorren urteko aurrekontuak lantzeko partze hartze prozesua egingo dutela aurreratu dute udal arduradunek. Isoirden berbetan, "urtez urte apostu horrekin jarraitzeko konpromisua hartu dugu". Bilduko Xabi Zalduak foroak zabaltzea eta batzar gehiago egitea proposatu du. Horrez gainera, legegintzaldi honetan Hirigintza Plana berrikusteko premia nabarmendu du: "1992tik gaude plana berritu barik, eta horrela gaitza da gauza garrantzitsuak garatzea. Urgenteak batzutan ez du inportantea ikusten uzten". Francisco del Pino PSE-EEko zinegotziak hiru alderdien elkarlana azpimarratu du, eta herritarren batzarretan herritarrek izan duten inplikazioa eskertu du.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!