Laugarren ibilgailu elektrikoa erosi du Berrizko Udalak

Anboto 2014ko ots. 26a, 12:50
Udal langileentzako beste furgoneta bat erosi dute. Orain arte urtean 1.400 litro gasoleo aurreztu dituzte ibilgailu elektrikoekin.

 

Duela urte bitik bizikleta  bat, pick-up bat eta kangoo markako furgoneta elektriko bat dauzka Berrizko Udalak, eta orain beste furgoneta bat erosi du udaltzainentzako: "Karga eroateko aukera daukanez aproposa iruditu zaigu", azaldu du Orland Isoird alkateak.

Ibilgailu berriak 25.443 euro kostatu du, baina udalak IHOBEk emandako diru laguntza eduki du, eta azkenean, 10.727 euro ordaindu ditu. Elektrizitate karga bakoitzarekin 120 kilometro egin ditzake, eta potentzia aldetik desberdintasunik igartzen ez dela nabarmendu du Isoirdek: "Hasieran pixka bat beldurra genuen, baina herriko auzoetara joateko eta aldapak igotzeko beste edozein ibilgailuren moduan dabiltza".

Orain arte gasoleoan 1.400 litro aurreztu ditu urtean udalak, eta ibilgailu berriarekin, guztira 2.100 litro aurreztuko dituztela aurreikusi dute. Lau ibilgailu elektrikoez gainera, 4x4 ibilgailua dauka Berrizko Udalak, herriko basoetara joateko erabiltzen dutena. Oraingoz ez dago % 100ean elektrikoa den 4x4 ibilgailurik, baina halakoa ateratzen dutenean erosteko itxaropena dutela esan du alkateak.

 

EAEko proportzioa baino handiagoa

Prentsaurrekoan, EEE Energiaren Euskal Erakundearen datuak aipatu ditu Orland Isoirdek: EAEn 240 ibilgailu elektriko daude momentu honetan. "Horrek esan gura du EAEn biztanleko 0,01 ibilgailu elektriko daudela. Berrizen, lau ibilgailu edukita, biztanleko 0,06 dauzkagu". Autonomia erkidegoko estatistika hori Berrizen sei bider altuagoa izatea "datu garrantzitsua" da Isoirdentzako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!