Herri ortuak atonduko dituzte 2014an

Anboto 2014ko urt. 7a, 09:35
Inbertsioak nora bideratu erabakitzeko batzarretan hartu dute erabakia. Herritarren parte hartzeagaz egin dituzte 60.000 euro zertan inbertitu pentsatzeko batzarrak, eta adostutako proiektuetako bat da herri ortuena

Iurretan eta Mallabian egin duten antzera, Berrizen herritarrentzako ortu ekologikoen proiektua ipiniko dute martxan 2014an. Ortuen kokapena aztertzen dabiltza eta baratzeak atontzen 30.000 euro inbertitzea aurreikusten dute udal arduradunek. Oraindik onartu bako aurrekontuen barnean egongo da proiektua, herritarren parte hartzeagaz egindako batzarretan horrela erabakita.

Horrelako ortuak martxan dauden herrietan, lursail baten hogeitahamar partzela inguru atondu dituzte, herritarren esku utzi eta bertan nekazaritza ekologikoan jarduteko.

Herri ortuen egitasmoaz gainera, herri batzarretan beste inbertsio batzuk ere adostu dituzte: Berrizbeitia kalean baranda jartzeko 10.000 euro gordetzea adibidez. Kalea irripan dagoenez, euria egiten duenean labankor egoten da, eta irisgarritasuna hobetzeko premia ikusi dute. Beste 5.000 euro institutuan kanastak jartzeko izango dira, eta beste 5.000 bulder skatean hobekuntzak egiteko. Kiroldegiko sabai azpian dagoen hutsunea estaltzeko asmoa ere badago aurtengo inbertsioen artean.

 

Parte hartzeagaz pozik

Inbertsioak pentsatzeko bi batzarretan pleno aretoa bete xamar egon dela-eta, pozik agertu dira udal arduradunak. Lehen batzarrean 45 berriztar inguruk parte hartu dute, eta bigarrenean ia berrogeik. Bilduko Xabi Zalduak nabarmendu du parte hartze kultura sustatzen hasi gura duela udalak: "Udaletxea eurengana hurreratzeko ahalegina izan da". Orland Isoird alkateak parte hartze alorrean lehenengo ekimena izateko "oso esperientzia positiboa" izan dela esan du, eta batzarretako partaideekin komunikazioa mantenduko dutela azaldu du: "Ekimenak martxan jartzen direnean informazioa helaraziko diegu".

Herriko elkarteetako kideek eta norbanakoek parte hartu dute batzarretan. "Gazteak gehienbat, baina denetariko adin taldeak egon dira". Neska eta mutilen parte hartzea orekatua izan dela nabarmendu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!