300 litro hondakin organiko batu dituzte lehenengo egunotan

Anboto 2012ko api. 20a, 12:52
Astelehenetan, eguaztenetan eta barikuetan egingo dute Berrizen hondakin organikoen bilketa, aterik ate. 58 familiak eta jatetxe eta supermerkatu banak parte hartzen dute ekimenean, eta guztien atarietatik pasatzen da Ibai Otadui udal behargina. Ibilbidea, goizeko 08:30etik 11:00etara betetzeko diseinatua dauka

Astelehenetan, eguaztenetan eta barikuetan egingo dute Berrizen hondakin organikoen bilketa, aterik ate. 58 familiak eta jatetxe eta supermerkatu banak parte hartzen dute ekimenean, eta guztien atarietatik pasatzen da Ibai Otadui udal behargina. Ibilbidea, goizeko 08:30etik 11:00etara betetzeko diseinatua dauka.

 

Ekimeneko boluntarioek badakite euren etxetik zein ordutan pasako den. Hondakinak ibilgailu elektrikoan hustu, ontziak garbitu eta berriro atean uzten ditu udal beharginak. Denak batuta, Berrizburuko konpostaje-plantara eroaten ditu. Han, organikoa nahastu egiten du ‘materia marroia’-gaz (adarrak, iñausteak...), eta konposta lortzeko lehenengo  pausua bete.

 

Berriziklatu du izena udal egitasmoak, eta astelehenean hasi ziren, eta Otaduik azaldu du 300 litro batu zuten.\"\" Erabiltzaile guztiek ez dute seinalatutako egun guztietan aterako edukiontzia, baina lehenengo egunetan altua izan da kopurua: “Astelehenean eta eguaztenean lau bat edukiontzi baino ez ziren faltako”.

 

Organikoa eta errefusa

Organikoaz gainera, sailkatu ezin daitekeen materia ere batzen dute, teknikoki ‘errefusa’ deitzen diotena. Zigarrokinak, konpresak, bizar-aitzurrak edota zeramika dira, esaterako, multzo horretakoak. Boluntarioek ondo bereiztu behar dituzte organikoa eta errefusa, eta horretarako etxean dute irizpide-orria. Organikoa zuzenean botatzen dute ontzira, eta errefusa poltsa batean ateratzen dute.

 

Julen Arzuaga Tokiko  Garapen teknikariak azaldu duenez, kaleko edukiontzi berdea “ahaztea” gura dute. Horregatik arduratzen dira eurak hori ere batzeaz, gero birziklatu ez arren.

 

Arzuagak dio urtebete pasatuta egitasmoaren emaitzak aztertuko dituztela. Esperientzia proba bat izan arren, “etorkizunerako borondatea” ei dauka ekimenak. Asteon interesdun berriak agertu dira, eta 
sei hilabete barru parte-hartzaile kopurua handitzea espero dute.

 

 

 

\"\"Rober Cano
Erizaina
34 urte

Proiektuaren parte izateko arrazoi asko daudela esan du Rober Canok. “Arrazoi nagusia, konpostajearen ideia garatzea eta  hondakinak murriztea eta berrerabiltzea izan da”. Dioenez, “normalean zabortegiatera eta erraustegietara bideratzen den zabor kopuru handia naturara bueltatzea lortzen da”. Horregaz batera, “erosotasuna” ei dakar: “Edukiontzi-gunera joan beharrean etxean lagatzeak erraztasuna ekartzen du”. “Ez du esfortzurik eskatzen”.
Hiru dira etxean, tartean ume txikia. Astelehenean eta eguaztenean atera zuten ontzia. “Gainera, bigarren ontzi bat eskatu dugu errefusa botatzeko, fardelek-eta lekua okupatzen dutelako”. Berriztarrak parte-hartzera animatu ditu, “abantaila ekologikoagatik eta erosotasunagatik”.

 

\"\"Rosa Petrel
Aurrejubilatua
54 urte

Birziklatzearen aldekoa izan da beti Rosa Petrel.  Astelehenean atera zuen edukiontzia atarira. “Bi gara etxean, eta eguaztenean ez geneukan botatzeko nahikorik”. Gaur berriro botatzeko intentzioa zeukan. “Gauza berria da, eta ikusi beharko da zelan erabiltzen den, baina ideia ona iruditzen zait”. Galdera erretorikoa bota du: “Zertarako botako dugu zakarretara, aprobetxatu daitekeen zerbait?”.
Materiak banatzerakoan ez dela dudarik sortzen adierazi digu: 
“Ondo bereiztuta dago zerk balio duen eta zerk ez”. Egitasmoaren beste arlo batzuk aipatuz, hondakinak batzeko ibilgailua elektrikoa izatea eta lanpostuak sortzea ondo ikusten du. Energia berriztagarrien 
aldekoa dela adierazi du, eta bide hori etorkizunekoa dela gaineratu du Petrelek.

 

\"\"Juan Ramon Turrion
Enpresaria
45 urte

Berrizen, DIA kateko supermerkatuaren jabea da 
Juan Ramon Turrion. “Enpresa moduan ere, zure medio guztiak ahalik eta gehien erabiltzea da helburua”. Bestalde, bizi-ereduak eta espazioak arduratzen du: “Gero eta jende gehiago bizi da munduan, eta ezin da gara beti ibili hartu eta bota, bestela ez dugu izango nondik atera eta 
non bota”. Supermerkatuan herriko hondakin gehien sortzen denez, edukiontzi bi eta handiagoak dauzka. Udan, fruta urtsuak arinago usteltzen direnez, akaso beste bat beharko duela dio. Udala eta herritarrak “bata bestearen beharrizanetara” egokitu behar direla adierazi du, “aurrera begira hobera egin gura bada”. Zalantza utzi du airean: “50 familientzako balio du, baina herri osoarentzako?”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!