Udalak 2008 inguruan erosi zuen baserri hori, eta etorkizunean kultur etxe moduan egokitzea da helburua. Eskolatik zein Apatako erdigunetik gertu, kultur etxe baterako kokapen aproposa dutela uste dute udal arduradunek.
Asmoa errealitate bihurtzeko baliabide ekonomikoak izan artean, bestelako lan batzuk burutzen ari dira. Esaterako, udalak enpresa bat kontratatu du teilatuan konponketa lan batzuk egiteko. Izan ere, euria egiten duenean itoginak daude, eta urak barrualdea kaltetzen du. Lan horiek urtea amaitu aurretik egin gura dituzte.