Herritarrek erabakiko dute nolako Apata gura duten

Anboto 2016ko ots. 10a, 19:53
Ezkerrik hasita: Ura Bide Taldeko Saioa Zuazubiskar eta Kimetz Munitxa, Dabid Cobos Atxondoko alkatea eta Xabier Azkarate EAJko zinegotzia.

Kale Irekiak proiektuarekin, herritarren proposamenak jasotzeko prozesu parte hartzailea hasiko dute barikuan. Ondoren, herriko kaleak —espazio publikoa— hobetzeko herritarrek egindako ekarpenekin osatuko dute etorkizunera begirako plangintza.

Apatako espazio publiko osoa —kaleak, plazak, errepideak, zebrabideak…— berrantolatzeko plana bat egingo du Urak Bide Taldeak, udalaren aginduz. Hori zelan egin jakiteko herritarrengana joko dute. Herritarrek erabakiko dute zelako Apata gura duten: “Herri bateko kaleak eta espazio publikoa zelan hobetu jakiterako orduan, aditu nagusiak ez dira bulegoetan daudenak, herritarrak baizik. Eurak dira eguneroko erabiltzaileak”, dio Urak Bide Taldeko Kimetz Munitxak.

Logika horren barruan Kale Irekiak izeneko prozesua hasiko dute barikuan, 16:00etan, plaza inguruan egingo dute aurkezpenean. Proiektuko teknikariak hantxe egongo dira herritarrei zuzenean proiektuaren berri ematen. Loreak banatuko dituzte, herritarrengana hurreratzeko bitarteko moduan: “Lanketa kolektibo bat izan dadin nahi dugu. Auzoa herritarrei ireki gura diegu etorkizuneko Apata zelan egin behar den definitzeko. Herritarrek erabakiko dute”.

Atxondarrek esateko dutena entzuteko hainbat hitzordu prestatu dituzte martxoaren 15era bitartean. Batzuk orokorrak izango dira eta beste batzuk kolektibo zehatzei bideratutakoak: esaterako, otsailaren 17an eta 18an emakumeei eta nagusiei zuzendutako topaketak egingo dituzte. Martxoaren 5eko deialdian, aldiz, mugikotarsunaren aldetik dauden trabak aztertuko dituzte: “Lan saio errazak izango dira, edonork parte hartzeko modukoak. Eguneroko esperientziak elkarren artean komunean jartzea eta horiei intenbiderik onena zelan eman pentsatzea; horixe da helburua”.

Haurrek esateko dutenari ere harreta berezia jarriko diete. Otsailaren 22tik 26ra lau lan saio egingo dituzte haurrekin, herriko eskolagaz elkarlanean: “Haurrei inoiz ez zaie ahotsik ematen eta eurak dira etorkizuneko helduak eta, era berean, eurak dira gaur egun ere, egoki baldin badago, kaleak  gehien aprobetxatzen dituztenak”.  

Azken berba, herritarrek

Lan saio denak amaitzerakoan talde teknikoak plan integrala garatuko du. Azken batean “guk bitartekari lana egingo dugu”, azaldu du Saioa Zuazubiskar Urak Bide Taldeko kideak. Ondoren, ekainean, plana berriro plazara aterako dute eta “herritarrek lehentasunak markatuko dituzte”. Hau da, datozen urteetan egin beharreko hobekuntzak sailkatu egingo dituzte, garrantzitsuenei lehentasuna emanez eta udalak dituen baliabide ekonomikoak kontuan hartuta.

David Cobos alkateak prozesu honi guztiari ekiteko arrazoiak azaldu ditu gaur goizeko prentsaurrekoan: “Beste hainbat herriren moduan Apata 70 eta 80ko hamarkadan egindako herria  da. Orduan, hirigintza arlotik ez zen askorik pentsatzen. Baina denbora joan ahala arazoak ekartzen ditu. Mugikortasuna arazoak zein bestelakoak. Horri denon artean irtenbidea eman gura zaio Kale Irekiak prozesuagaz”.

EAJko Xabier Azkaratek ere "premiazko" proiektua dela adierazi du eta herritarrei parte hartzeko deia egin die.


DEIALDIAK

Otsailak 12, 16:00, Plazan: Prozesuaren aurkezpena.

Otsailak 16, 18:30, eskolako gimnasioan: ‘World Kafea’. Apataren inguruan berba egiteko saioa kafe baten bueltan. (Haurtzaindegi zerbitzua izango da)

Otsailak 17, 16:30, udaletxean: ‘Emakumeon topaketa’. Emakumeei zuzendua.

Otsailak 18, 17:00, udaletxean: ‘Nagusien topaketa’. Nagusiei zuzendua.

Otsailak 22-26: ‘Haurren astea’. Eskolan eta herriko hainbat tokitan umeen iritziak jasoko dituzte.

Otsailak 26, 18:30, plazan: ‘Apatako bideoa’.

Martxoak 1, 18:30, udaletxean: ‘Zine foruma’. ‘Sobre Ruedas: el sueño del automovil’. Mugikortasunaren inguruko hausnarketa proposatzen duen filma.

Martxoak 5, 10:00, eskolako gimnasioan: ‘Mugikortasuna eta eguneroko bizimodua’. Herritarrek dituzten trabak identifikatu eta etorkizunean babestu edo indartu beharrekoak aztertuko dituzte. (Haurtzaindegi zerbitzua izango da)

Martxoak 11, kalean: ‘Kaleko ekimena’. Kaleak proposamenez jantziko dituzte herritarrak azken lan saiora gonbidatuz.

Martxoak 15, 18:30, eskolako gimnasioan: ‘Zeuk ere baietz proposamenen bat izan?’. Proposamenak egiteko aukera. (Haurtzaindegi zerbitzua izango da)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!