Udaleko gaiak eztabaidatzeko batzorde berria sortu dute Atxondon

Anboto 2016ko ots. 2a, 12:22

Udala osatzen duten alderdi bien arteko komunikazioa erraztu gura dute batzorde berriarekin. Aurrerantzean, udalbatzarrak eta batzorde berria txandatu egingo dira hileko lehenengo astelehenetan.

Legegintzaldi honen hasieran bostetik batera murriztu zuten udaleko batzorde kopurua. Legeak agintzen duen Kontu Batzordeari eutsi eta gainerakoak kendu egin zituzten, ez zutela erabilerarik eta ez zirela eraginkorrak argudiatuta. Horien ordez, herri batzarrak gehitu zituzten, udaleko ordezkarien eta herritarren arteko hartuemana dinamizatu eta parte hartzea handitzeko.

Baina orain hurrengo udalbatzarrean EAJko Gorka Garate kexatu egin zen gai askori buruz ez zirelako udalbatzarrera arte enteratzen. Aurretik eurei informatzeko eskatu zioten alkateari. David Cobos alkateak udaletxeko atea beti irekita dagoela esan zien, eta udal kontuen berri gura zutenean kontatzeko prest zegoela bertaratzen baziren. Orduan, gaia bere horretan geratu zen. Harrezkero, berbetan ibili dira eta horren ondorioa da atzoko udalbatzarrean eratu zuten batzorde informatibo berria. Udalbatzarra osatzen duten alderdi biek gaiak aurretik “eztabaidatzeko, lantzeko eta borobiltzeko” gunea bihurtu dadila gura dute, David Cobosek atzo azaldu zuenez. Batzorde irekiak izango dira eta herritarrak ere bertaratu daitezke.

Aurrerantzean udalbatzarrak eta batzorde berria txandatu egingo dituzte. Beraz udalbatzarra hilean behin beharrean, bi hilerik behin egingo dute. Martxoko lehen astelehenean, 19:00etan, batzordea lehenengoz batuko da; apirileko lehen astelehenean, berriz, udalbatzarra egingo dute. Izan ere, sarritan “ez da gai askorik egoten udalbatzarretan eztabaidatzeko”. Horregatik erabaki dute udalbatzarretako maiztasuna jaistea. Edozelan ere, beharra dagoen aldiro ez ohiko udalbatzarrak deitu daitezkeela gogoratu zuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!