Pilotalekua itxi eta berriztatzeko lanak atzo hasi zituzten

Anboto 2016ko ots. 2a, 10:17
Atxondoko pilotalekua pilotalekuaren

Frontoiko zabaluneak metakrilatozko egituragaz itxiko dituzte. Horrez gainera, pilotalekua kanpotik eta barrutik pintatuko dute eta itoginak konponduko dituzte.

Atzo hasi zituzten pilotalekua ixteko eta berriztatzeko lanak. Lau bat hile iraungo dute eta denbora horretan frontoia ezingo da erabili. Bitartean erabiltzaileek — Atxondo pilota eskolako gazteek, esaterako— Axpeko pilotalekua erabili beharko dute.

Helburu nagusia pilotalekua ixtea da hotzari eta, batez ere, zikinari aurre egiteko. Horretarako metakrilatozko panelak erabiliko dituzte eta egitura horri herriko toponimia eta auzo izenen serigrafiak gehituko dizkiete gainetik, estekikoki dotoretzeko eta nortasun propioa emateko.

Frontoia ixteaz gainera, beste hainbat lan egingo dituzte. Barrutik zein kanpotik, pilotalekua pintatu egingo dute eta teilatuko itoginak konponduko dituzte. Frontoiari argitasun handiagoa ere eman gura diote eta egun-argia gehiago aprobetxatzeko zeharrargi panel gehiago jarriko dituzte teilatuan.

Frontoiaren sarrerako aterpean biltegi bat ere egingo dute jaietarako mahai eta jarlekuak bertan gorde eta eskurago egon daitezen.

Lanek 113.000 euroko —BEZ barne— aurrekontua dute. Aurreko legegintzaldiko gobernu taldeak landu zuen proiektuaren zatirik handiena. Gaur egungoak azken detaileak gehitu eta esleitu egin ditu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!