Iker Casanova legebiltzarkideak Cemosako langileen egoera ezagutu du

Anboto 2015ko aza. 26a, 16:24
Cemosako langileak gaur enpresa parean duten karpan.

Cemosa enpresako langileak greba mugagabean daude astelehenetik. Enpresarako sarreran karpa bat jarri dute eta han daude. Atzo, Iker Casanova legebiltzarkidea (EH Bildu) bertaratu zitzaien egoeraren berri jakiteko.

Enpresa komiteko presidente Jose Mari Ugalderen (LAB) esanetan, “langileen arrazoiak entzun zituen eta gure egoera eta proposamenak Eusko Legebiltzarrera zein hango legebiltzarkideei helarazteko laguntza eskaini zigun”.

Zuzendaritzaren aldetik “jarrera aldaketa”

Bestalde, gaur arratsaldean bertan enpresako zuzendaritzak batzar batera deitu ditu langileen ordezkariak: “Negoziatu nahi dutela esan dute eta jarrerak hurreratzeko borondatea erakutsi. Enpresak jarrera aldatu duela ikusi dugu, zeren eta urte bian ez dute ezer entzun gura izan”.

Greba mugagabeari amaiera emateko “prekaritateagaz lotutako eskaerei” erantzuna ematea “beharrezko” ikusten dute Ugaldere esanetan; esaterako, erreleboko langileak indefinitu egitea edo soldata eskala minimoak bermatzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!