Argazki lehiaketa bidez osatuko dute Atxondoko Udalaren egutegia

Anboto 2015ko urr. 13a, 18:40

Atxondoko udalak udal egutegia aterako du, lehenengoz, 2016an, eta hori osatzeko, argazki lehiaketa abiatu dute. Lehiaketatik irtengo dira egutegia osatuko duten 12 argazkiak. Parte-hartzaileek hiru argazki aurkeztu beharko dituzte urria amaitu aurretik.


Lehiaketan parte hartzeko, hiru argazki aurkeztu behar dira, urriaren 30eko 12:00 baino lehen, udaletxeko erregistroan. Argazkietako bat paisaia izan beharko da; bigarrena eraikina, eta hirugarrena pertsonak. Denak Atxondo udalerrian eginak izan beharko dira.

Irudiak hiru argazki-paperetan entregatu daitezke, 30x20ko formatu horizontalean, eta koloretan. Horiekin batera, irudiak jasotzen dituen CD bat entregatu beharko da, 300 ppp-ko —pixel kopurua pulgadako— erresoluzioan, gutxienez. Irudiekin batera, parte-hartzaileek izen-abizenak, helbidea, herria, telefono zenbakia, NAN zenbakia, adina eta helbide elektronikoa ipini beharko dituzte gutunazal batean.

Hiru sari banatuko dituzte
Hiru sari banatuko dituzte abenduaren 6an egingo duten Nekazaritza eta Artisautza Azoka egunean. Hiru argazkien multzo onenak Tablet Samsung Galaxy Tab bat eta 100 euro irabaziko ditu. Bigarrenak marka bereko tableta eta 50 euro. Herriko argazkilaririk onenak ere tablet bat jasoko du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!