Izarrik handienak, Anboton gora, errekor berriaren bila

Anboto 2015ko urr. 8a, 14:21
Iaz eguraldi umelak bidea zaildu zien proba bertikaleko parte-hartzaileei.

Anboto Kilometro Bertikalerako 300 plazak beteta zeuden astelehenerako; onenak datoz, eta adituen ustez, errekor berriak ezarri daitezke. Zapatuan, Anboto Kilometro Bertikalaren VIII. aldia lehiatuko dute. Tartean iazko irabazleak izango dira: Aitor Osa debarra gizonetan eta Nahia Quincoces mendexarra emakumeetan.


Emakumeetan, Oihana Kortazarrek birritan irabazi du proba, eta 2011n ezarritako errekorrak indarrean dirau oraindik: 47.10. Joan zen asteburuan, Sorginen Lasterketa irabazi zuen, eta aurten, Mont Blanc-eko maratoian bigarren geratu da. Kortazarrekin eta Quincocesekin batera, Montserrat Vazquez, Aitziber Ibarbia eta Inma Aranburu espezialistak ere badatoz. Izen horiekin, aurten errekor berria lortu daitekeela uste dute antolatzaileek.

Gizonetan zaila izango da 2011n Marco de Gasperi italiarrak ezarritako denbora hobetzea (37.14), baina goi mailako lehia espero da Osa, Oier Ariznabarreta, Imañol Goñi, Iban Murua eta Andrea Caroli suitzarraren artean. Osa Kilometro Bertikalen Espainiako Kopako txapelduna da, eta Ariznabarreta durangarrak Sorginen Lasterketa irabazi berri du.

Parte-hartzaileak 14:00-17:30 artean irtengo dira Atxondoko Arrazolatik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!