Atxondoko alkatea lanaldi osora, urteko 20.400 euroko soldatagaz

Anboto 2015ko uzt. 3a, 16:22

EH Bilduk eta EAJk aho batez onartu zuten Dabid Cobos alkatearen ordainsaria eguazteneko udalbatzarrean.

Aurreko alkate Rosa Elizburu lanaldi erdira egon zen. Legegintzaldi honetan, Dabid Cobos alkatea lanaldi osora egongo da. EH Bilduk soldaten inguruan duen irizpidea aplikatu dute ordainsaria zehazteko: 1.700 euro garbi hileko; 20.400 euro urteko. Horixe da 1000-2000 biztanle arteko udalerrientzat EH Bildutik zehaztutako zenbatekoa.

Udalbatzarrean EH Bildu eta EAJ ados agertu ziren udalerriko beharrizan denei aurre egiteko alkatea lanaldi osorako liberatuta egoteagaz.

Alkateordeak eta organo anitzetako ordezkariak

Eguaztenean alkateordeak eta udalbatzarrak eskumena duen kide anitzeko organoetako ordezkariak ere onartu zituzten. Alkateorde bi izendatu zituzten: Josune Irazola eta Jorge Jauregi. Honakoak dira organoetako ordezkariak:

Durangaldeko Amankomunazgoa: EH Bilduko Dabid Cobos eta Igor Olaetxea eta EAJko Enrike Garate.

UEMA: Josune Irazola (EH Bildu) eta Mertxe Irazabal (EH Bildu).

Urkiola, Landa Garapenerako Elkartea eta Erralde: Jorge Jauregi (EH Bildu).

Bizkaiko Ur Partzuergoa: Mertxe Irazabal.

Euskal Fondoa: Igor Olaetxea.

EUDEL: Dabid Cobos.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!