"Zain gauzkate orain ere; erokeria honi aurre egiten jarraituko dugu"

Anboto 2015ko mar. 26a, 11:57

AHTaren obrak esleitzeko asmoaren aurrean, “herri osoa parean aurkituko dute”, adierazi dute herri galdeketa egin zeneko zortzigarren urteurrenean.

2007ko martxoaren 25ean, AHTaren gainean herritarrek duten iritzia zein den jakiteko galdeketa egin zuten Atxondon. Herri mugimendutik antolatutako galdeketa izan zen. Harrezkero zortzi urte joan dira. Gobernuak Atxondo-Abadiño arteko tartea esleitzeko asmoa erakutsi berri du, eta hainbat herritarrek urteurrena aprobetxatu dute AHTak herrian eragingo lukeen “txikizioa” gogoratu, eta honako mezu hau igortzeko: “Zain gauzkate orain ere datorrenari aurpegira esateko egunetik egunera arrazoi piloa pilatzen gabiltzala AHTari ezetz esateko; erokeria honi aurre egiten jarraituko dugu”, esan zuen galdeketaren sustatzaileetako bat izan zen Andoni Arbuluk.“Herri osoa parean aurkituko dute”.

2007ko galdeketan 471 herritarrek parte hartu zuten, eta 468k AHTari ezetz esan zioten.
Atxondoko tartea egiteak “gurean txikizio handia eragingo luke”. Kilometro eta erdi luzeko zubia herriko plazatik 200 metrora eraikiko lukete: “Herritarren bizi kalitatea kaltetu egingo litzateke, eta, ondorioz, gure herria hustu”.

Gainera, AHTa “guztiz defizitarioa izango da”, adierazi zuenez. “Nondik aterako dute hori mantentzeko dirua? Herritarren poltsikotik”. Trena Madrilera eta Parisera helduko ote den ere zalantzan ipini zuen: “Inora ez doan trena da. Abiadura handiko uhartea”.

“Herri galdeketa egitea herritar askoren arteko elkarlana izan zen”

Maider Eguren Oleaga - 2007ko herri galdeketako sustatzaileetako bat

Herri galdeketak non izan zuen sorburua?
Galdeketa egin baino urte bi lehenago herria mugitzen hasi zen; AHT Gelditu Elkarlanaren inguruan mugimendu indartsu bat sortu zen, bai eskualdean, bai Euskal Herrian. Atxondon herri galdeketa egin behar genuela erabaki genuen. AHTa herritik oso gertu igaroko ei da, eta herriak iritzia eman behar zuela uste genuen.

Herri galdeketa prestatzeak lan handi eskatu zizuen?
Elkarlanean zortzi-hamar lagun genbiltzan, baina ez ginen gu bakarrik ibili, herritar askoren arteko elkarlana izan zen: etxerik etxe informazioa banatu, herri batzarretara deitu, hitzaldiak antolatu… Lan handia izan zen herritarrengana hurreratzea, AHTa eraikitzeak zer suposatuko lukeen azaltzea eta AHTari ezetz esateko hamaika arrazoi ematea. Gero, bakoitzak bere iritzia emango zuen galdeketan. Baina mugimendu indartsua izan zen, gaia pil-pilean zegoen, eta jendeak bazuen jakiteko interesa.

Zelan gogoratzen duzu herri galdeketaren eguna?
Urduri geunden, baina jendearen partaidetza oso handia izan zen, eta oso pozik geratu ginen.

Zortzi urte joan dira herri galdeketa egin zenutenetik.
Harrezkero gauza asko pasatu dira. Orain lau urte desjabetzeak egitera etorri ziren, baina ez ziren gauzatu. Esango nuke lasaitasun une batean egon garela. Orain berriro ere indarrak hartzen gabiltza, etortzen direnean aurrean egongo garela esateko. Eta konturatu daitezela Abiadura Handiko Trena Atxondotik ez dela igaroko, eta Euskal Herritik ere ez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!