Atxondoko eskola berria, 28 urteko bideari errepasoa

Anboto 2015ko ots. 26a, 17:28
Rosa Elizburu eta Dabid Cobos martitzeneko prentsaurrekoan.

Udalak eskola berria egiteko lurrak bereganatu zituenetik 28 urte joan dira. 1987an eskuratu zituen.

Martitzeneko prentsaurrekoan, Dabid Cobosek (2007-2011 urteen artean Atxondoko alkatea izan zen ANVgaz) eskola berria egiteko urrats garrantzitsuenen errepaso kronologikoa egin zuen: “Gaia ondo kokatuz gero, egoera hobeto ulertzen da”. Datu eta data asko ez ziren berriak; 2011ko maiatzeko Udaletik Herrira udal aldizkarian argitaratuta zeuden. Udaleko webgunetik deskargatu daiteke LOTURA honetan. Hona data garrantzitsuenen errepasoa, Dabid Cobos beraren gomuta eta iritziekin.

-       1987. urtea: Atxondo Udalak 4.700 metro karratuko lurzatia eskuratu zuen Eusko Jaurlaritzak eskola berria eraiki zezan. Proiektua egin zen eta arkitektonikoki “oso desberdina” zen gaur egunekoagaz alderatuta. 90eko hamarkada hasieran “proiektu hori alde batera geratu zen, baina ez eskola egiteko asmoa”.

-       1997-98: Eusko Jaurlaritzak eskola berriko proiektua bertan behera utzi zuenean, udalak futbito kantxa eta umeendako parkea egiteko erabili zuen lur zati bat.

-       1999: Atxondoko Udalak hiri-antolamendu planeko arau subsidiarioak landu eta onartu zituen; dokumentu horrek jasotzen zuen Atxondon zer, non eta nola eraikiko zen hurrengo urteetan. Umeendako parkeak eta futbito zelaiak hartzen zuten eremua, irakaskuntzara bideratutako zoru moduan jasota agertzen ziren dokumentu horretan. Orduan EAJ zegoen Gobernu Taldean.

-       2007ko martxoa:Atxondoko udalak Eusko Jaurlaritzari  eman zizkion 1987an eskuratutako partzelak eskola berria egin zezan.

-       2007ko maiatza: David Cobos alkate irten zen udal hauteskundeetan ANV alderdiagaz.

-       2007ko maiatza: Jaurlaritzak proiektu bi zituen. Bi proiektuen artean umeendako parkean kokatuta zegoena aukeratu zen azkenean. Baina hori egin aurretik Gobernu Talde berriak proiektu horiek herritarrekin eztabaidatu gura zituela esan zion Jaurlaritzari. Batzar irekian udalbatzar areto “bete” egin zela gogoratzen du Cobosek: “Auzotarrak, ikasleen gurasoak… beteta zegoen. Batzar hartan auzotarrek ez zuten ezer esan; beraz guk ateratako ondorioa izan zen inork ez zuela txarto ikusten eta Jaurlaritzari aurrera egiteko eskatu genion”. Pausu hori emanda, “auzotarrak etorri zitzaizkigun”: “Eskola etxe parean geratzen zela eta beste aukerarik ez ote zegoen galdetzen zuten”. Udalak bigarren ahalegin bat egin zuen adostasun bila. Euren planteamendua adierazteko aukera eman zieten. Eskolako zuzendaritzagaz ere batzartu ziren, baina azkenean “ez zen ikusi eskolako proiektua aldatzeko benetako arrazoirik zegoenik”. Gainera, Cobosek gogoratzen duenez, “krisia hasita zegoen eta Jaurlaritza murrizketekin zebilen; eskola egin barik geratzeko arriskuan zegoen eta aurrera egitea erabaki zen”. EAJk ez ditu egun haiek berdin gogoratzen. Jeltzaleen ustez, “alkateak bere kapritxoz aukeratu zuen gaur egungo kokapenaren alternatiba”. 

-       2009ko abendua: Eusko Jaurlaritzak eskola berriko proiektua aurkeztu zuen udaletxean eta obren lizentzia eskatu zuen. Alkate dekretu bidez eman zitzaion lizentzia eta horren berri eman zen udalbatzarrean.

-       2011 urtarrila: Eskola berriko obrak hasi zituzten. Handik gutxira jarri zuten lehen errekurtsoa auzotarrek: “Euren arrazoibidea zen eskola berria euren lurzatietan zegoela. Baina argumento horrek ez zuen zentzurik, hile batzuk lehenago, hirugarren batekin zuten auzi bat zela-eta, udalari lur horiek udalarenak zirela egiaztatzeko eskatu ziotelako”. Cobosen iritziz, “Erabili dituzten argumentuak sarritan kontraesankorrak izan dira”.

-       2011ko otsaila: Eusko Jaurlaritzak egoera argitzea komeni zela argudiatuz obrak geratzeko eskatu zuen. Udal zinegotziek egoera aztertu zuten udalbatzar batean eta Jaurlaritzari emandako lizentzia berretsi zuten. Bozketa horretan EAJ abstenitu egin zen.

-       2011ko apirila: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak udaletxera idatzi bat bidali zuen maiatzean obrak berriro martxan egongo zirela adieraziz.

-       2011ko maiatza: Bilduk irabazi zituen udal hauteskundeak. Rosa Elizburuk hartu zuen alkate kargua. Auzotarrek auzitegira jo zuten. Udal baimena  legez kontrako zela zioten.

-       2013: Bizkaiko Administraziorako Auzien 5. Epaitegiko epaia heldu zen eta udalari eman zion arrazoia. Auzotarrek epaia errekurritu zuten.

-       2015ko otsaila: EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia. Auzotarrei ematen die arrazoia eta udalak Jaurlaritzari emandako lizentzia balio barik uzten du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!