Rosa Elizburu: “Eskolak dagoen moduan jarraituko duen segurtasun osoa daukagu”

Anboto 2015ko ots. 24a, 19:44
Ezkerretik hasita: Ane Bernas, Beñat Amiano, Rosa Elizburu eta Dabid Cobos.

Eskola berria eraikitzeko udalak jaurlaritzari emandako baimena legez kontrakoa zela argudiatuta, eskola pareko etxebizibitza blokean bizi diren 12 bizilagunek auzitegira jo zuten 2011n. Prozesu luze baten ostean, EAEko Auzitegi Nagusiak otsailean emandako epaiak dio lizentzia bertan behar utzi eta eraikina bota behar dela. Baina hori eragozteko bidea ere erakusten du epai berak; gauzatzeko “oso erraza” den tramite administratibo bat. Hori horrela izanik, Rosa Elizburu alkateak lasaitasun mezua igorri du: “Eskola hor egongo da gaur, bihar eta datorren ikasturtean”.

Gaur prentsaurrekoa eskaini dute Gobernu Taldeko (Bildu) Rosa Elizburu alkateak, Beñat Amiano Hirigintza zinegotziak, Ane Bernas Kultura eta Euskara zinegotziak eta Dabid Cobos alkateohiak (2007tik 2011ra, ANVrekin). Helburu nagusi bi izan dituzte: herritarren artean zabaldu den kezkaren aurrean lasaitasun mezua ematea, eta, hamaika hari mutur dituen kontu korapilatsua bere testuinguruan kokatzea.

Eskolako eraikin berria etxebizitza bloke baten aurrean eta gorune batean kokatuta dago eta, ondorioz, ikuspegia kentzen die bloke horretan bizi direnei. 12 bizilagunek urteetan zehar hainbat argudio erabili dituzte eskola beste toki batean eraiki zedin edo, behin eraikitzen hasita, eraitsi zezaten: lurrak ez zirela udalarenak esan zuten lehenengo, eraikin berria euren jabetzatik bost metro baino gutxiagora zegoela ondoren, eta, azkenik, eraikinaren kokapena ez zela udaleko arau subsidiarioetara (hirigintza plana) egokitzen; hau da, arau subsidiarioetan kontraesanak aurkitu daitezkeela kokapenari dagokionez, ez direla erabat argiak. Azken argudio horregaz hartu zuten epaitegiko bidea eta azken epaia euren aldekoa izan da. Dabid Cobosek (Atxondoko alkateohia izateaz gainera abokatua da) arauetan kontraesan horiek badaudela onartu du eta izenik eman barik 1999an arau horiek landu zituen Gobernu Taldea kritikatu du: “Plan hori egin zuenak azaldu beharko luke zergatik den horrela eta zergatik egin zion Jaurlaritzari lurren lagapena jakin bazekien kontraesanak zeudela”. Era berean, 12 familia horietatik "hiru-lautako kideak edo udaletxe honetan daude edo egon izan dira urte hauetan: prozesua ez da harrotza eurentzako eta bere sasoian ez zuten arazorik planteatu, esaterako, Jaurlaritzari lagapena egiterakoan".

Udalak joan zen barikuan jaso zuen EAEko Auzitegi Nagusiaren sententzia. Epai horrek baliorik barik uzten du Bizkaiko Administraziorako Auzien 5. Epaitegiak 2013an emandako beste bat. Orduko epai hark udalari ematen zion arrazoia. Epai berriak baliorik gabe uzten du eskolako eraikina egiteko udalak jaurlaritzari 2009an emandako lizentzia eta eraikina eraitsi behar dela dio. Baina epai berak ematen du horretara ez heltzeko irtenbidea ere: arau subsidiarioetan aldaketa bat egitea, hau da, tramite administratibo bat. Zehazki, honakoa dio epaiak oinarri juridikoen ataleko laugarren puntuan: ‘Eraisketa lizentziaren baliogabetzearen ondorio zuzena da, baina hori ez da traba planifikatzailearen aldetik [udala] antolaketaren [arauak] onarpen xehatua egiteko, zeinaren ondorioz, obra horiek legeztatu daitezkeen eta sententzia exekutatzeko ezinezkotasun legala ekarriko lukeen’. Cobosen ustez, esaldi korapilatsu horrekin, epaileak dio “udalaren esku dagoela legeztatzea oso erraza den tramite baten bitartez eta hori egiten bada ez da eraikina bota beharrik egongo”. Epaia, oro har,“arraroa” dela dio eta epaileak “hainbat karanbola juridiko erabiltzen ditu heltzen den ondorioetara heltzeko eta ez hori bakarrik: ondorio horretara heltzen da aldi berean kontrakoa esanez”. Horregatik, “sinistu gura dut horrela egiten duela badakielako ez dela ondorio kaltegarririk egongo”. Cobosen esanetan, “ez dago larritzeko arrazoirik eta epaiak argi markatzen du jarraitu beharreko bidea”. Beraz, eskolako eraikin hori “ez dago arriskuan”.

Dagoeneko bide hori lantzen dabiltzala jakinarazi du Rosa Elizburu alkateak: “Argi ditugu eman beharreko urratsak. Formako akats hori nola zuzendu daitekeen dio epaiak eta pausu horiek ematen hasita gaude. Barikuan Jaurlaritzarekin batzartuko gara tramitazio hori zelan egin zehazteko”. Beraz, herritarrei lasai egoteko eskatu die: “Lasaitasuna transmititu gura dugu guk lasaitasun hori badugulako. Tramitea eginez kontua legeztatuko dugu; eskolak bere horretan jarraituko duen segurtasun osoa daukagu”.

Atzo eskolako zuzendaritzarekin batzartu ziren sententziak diona azaltzeko. Eta aurrerantzean ere udaleko pausu denen berri emango duela aurreratu du.

Eskolako eraikin berria ezkerrean eta etxebizitza blokea eskuman:

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!