Barraskilore: "Barraskiko arazoa konpontzeko pausoak ematen badira, ez dugu trabarik jarri nahi"

Anboto 2014ko urr. 17a, 09:00

Barraski izenez ezagutzen den inguruan geldi dago bost eraikin eta 52 etxebizitza aurreikusten dituen proiektua. Urteak daramatza geldi. Krisia heldu zenean, Norvisa promotoreak  bertan behera utzi zituen eraikuntza lanak, eta hainbat kaltetu eragin zituen: etxebizitzak egiteko dirua aurreratu zuten norbanakoak eta Atxondoko Udala; oraindik 300.000 euro zor dizkio udalari. Bitartean, iaz gazte batzuek ia amaituta dagoen etxe huts horietako bat okupatu zuten. Harrezkero han bizi dira. Baina duela hil bi Norvisak salatu egin zituen: okupazio delitua egotzita, lau gazte identifikatu zituzten, eta joan zen barikuan Durangoko epaitegian deklaratu zuten laurek.

Barraskilore mugimenduko gazteek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez, “Norvisa promotoreagaz izan ditugun bi batzarretan argi utzi dugu gure jarrera eta akordioak bilatzeko apustua”. Adierazi dutenez, ez dute asmorik “hasi daitezkeen obrak oztopatzeko”: “Ez dugu trabarik jarri nahi, arazoa konpontzeko benetan pausuak ematen badira. Bitartean, gure beharrak direla medio, etxea erabiltzen jarraituko dugu”. Arazoa konpontzeko beharrezko ikusten dute, besteak beste, “herriari, etxeak erosi dituzten kideei eta gainontzekoei zor dieten dirua bueltatzea”.

Barraskiko etxe bloke hori –lau etxebizitza ditu– iaz okupatu zuten. Orduan adierazi zutenez, ekintza “garden, publiko eta baketsua” egin gura zuten: “Espazio kolektibo bat sortu nahi dugu, auzotar guztiek etxebizitza duina izateko aukera eduki dezagun bertan”.

Ordukoa tankera horretako bigarren ekintza izan zen. Izan ere, hilabete lehenago, Durangoko Salesen komentu zaharra okupatu zuen lagun talde batek, antzerako helburuekin. Hilabete bertan eman ostean, eraikina hustu egin zuen Ertzaintzak, jabeen salaketa jaso zuelako.

 

Udala negoziazioetan

300.000

euro zor dizkio
Norvisa promotoreak
Atxondoko Udalari

Udalaren eta Norvisaren artean hainbat batzar izan dira azken urteotan, baina Norvisak ez du oraindik zorrik kitatu. Udalarena da Barraskiko etxebizitzen inguruko urbanizazio lanak egiteko ardura, baina Norvisari dagokio ordaintzea. Udaleko diru poltsatik diru kopuru bat aurreratu, eta lanekin hasi zen udala; baina, ondoren, Norvisak ez zion ordainketarik egin. Hori izan zen urbanizazio lanak geratzeko arrazoia. Rosa Elizburu alkatearen esanetan, “bere sasoian 120.000 euro ordaindu zituzten, baina harrezkero ez dugu ezer jaso; beti diote proiektuagaz aurrera jarraitu gura dutela eta berehala ordainduko dutela, baina 2012. urtetik hona horrela gabiltza”.

Udalak hainbat urte eman ditu udal kontuetako zenbakiak orekatzen: “Zor zaiguna itzuliko diguten segurtasunik ez badugu, ezin dugu arriskatu”. Hala ere, bitartean Barraski ingurua urbanizatzen dabiltza. “Baserria berriztuta dago, baimen guztiekin; azpiegiturak ahalbidetzea bidezkoa iruditzen zaigu”. Egoera bideratzeko etxebizitzak enbargatzeko pausoak hasi dituztela ere adierazi dute.

Barraskiko etxebizitzen proiektua aurrera ateratzeko “ahaleginak egiten” jarraitzeko asmoa du udalak Elizbururen esanetan: “Egin ahal den guztia egiten gabiltza”.

 

Inkesta

NEKANE ANDRINUA

Zer iritzi duzu Barraskiko etxeen egoerari buruz?
Etxebizitzak egiten hasi ondoren, enpresa eraikitzaileak alde egin zuen, hori da herrian komentatzen dena. Egia esanda, herri erdian amaitu gabeko etxebizitzak horrela ikustea ez da polita. Batzuek udalari egozten diote errua, baina, nire ustez, ez da udalaren errua, etxeak ez direlako bere jabetzakoak.

Zer iruditzen zaizu etxe batzuk okupatu izana?
Eurenak ez diren etxeetan sartzeak badu bere zera, baina ikusi behar da gazteriak gaur egun etxeak erosteko zelako aukerak dituen. Gazteen egoera ere kontuan hartu behar da.

 

CONCHI RODRIGUEZ

Zer iritzi duzu Barraskiko etxeen egoerari buruz?
Nik ezagutzen dut iturgin bat etxebizitza horretarako dirua ipini zuena, eta enpresa eraikitzailearentzat iturgin lanak egin zituena. Aurreratu zuen dirua ez dakit errekuperatu duen, baina badakit lanagatik ez duela ezer jaso.

Zer iruditzen zaizu etxe batzuk okupatu izana?
Niri ez zait ondo iruditzen etxeak okupatu izana. Herrian badago jendea beharrizanean, eta hilero ordaintzen dituzte euren zergak.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!