Eskola zaharraren erabilera publikoa aldarrikatu dute Arrazolan

Anboto 2014ko ira. 18a, 11:18

Badira urte hatzuk Atxondoko Udala eta Anbotope elkartea auzitegietan dabiltzana, eskola zaharreko eraikina erabiltzeko eskubidea dela-eta. Aurtengo urtarrilean Bizkaiko Probintzia Auzitegiak udalari arrazoia ematen zion ebazpena argitaratu zuen, eta lokala libre uzteko eskatu zien Anbotopeko elkarteko kideei. Alokairu kontratua orain lau urte amaitu zen arren, eskola zaharreko eraikina erabiltzen jarraitzen dute oraindik Anbotopeko elkarteko kideek.


Horregatik, hainbat arrazolarrek euren iritzia publiko egitea eta lau haizetara zabaltzea erabaki dute. Joan zen abuztuan ospatu zituzten Andra Mari jaietan, ezbaian dagoen eraikinaren aurrean batu ziren, argazki bateratua atera zuten, eta eraikin horren erabilera publikoa aldarrikatu zuten. Jaietako lehen agerraldi hori datozen hilabeteetan garatuko den kanpaina baten abiapuntua izan zela diote auzotarrek. Hain zuzen ere, datorren irailaren 29an, San Migel egunez ohitura duten moduan, beherago dagoen Erlaunpen bazkari baten bueltan elkartuko dira, eta, orduan, gaia mahai gainean ipini, eta eztabaidatzeko asmoa dute, aurrera begirako urratsak definitzeko.

Eskola zaharreko eraikina hutsik geratzen bada, bertan zer komeni den egitea ere azaldu dute: herriko taberna, jubilatuentzako txoko bat eta denda txiki bat, bertako baserritarren produktuak saltzeko. Eraikinak solairu bi dituenez, bigarren solairuan turismoa sustatzeko aterpetxe bat egitea ondo ikusten dute, oheak eta dutxak egokituta. Ideia horiek ia erabat datoz bat udalak bere sasoian adierazi zituenekin.
Eurekin harremanetan jarri arren, Anbotopeko elkartekoek ez dute gaiaren inguruko euren ikuspuntua eman gura izan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!