Uztaila amaitu aurretik Espainiako bandera ipiniko dute udaletxeko balkoian

Anboto 2014ko uzt. 22a, 09:00

Epaitegiaren sententziak behartuta, Espainiako bandera ipiniko dute udaletxeko balkoian. Atzoko udalbatzarrean “inposizioa” salatzen duen mozioa aho batez onartu zuten Gobernu Taldeak (Bildu) eta EAJk.

 

Espainiako Gobernu Ordezkaritzak orain urtebete egin zion udalari bandera espainiarra jartzeko lehen eskaera. Udalak ez zuen ipini etaEspainiako Gobernu Ordezkaritzak prozesu judiziala abiatu zuen. Oraintsu heldu da epaitegiko behin betiko sententzia: bandera espainiarra jarri behar dutela agintzen du. Uztailaren 31 da horretarako azken eguna.

Atzoko udalbatzarrean eman zuten epaiaren berri. Bandera ipiniko dutela jakinarazi zuen Gobernu Taldeak, baina “inposizioa” salatzen duen mozioa onartu zuten Bilduk eta EAJk aho batez. Mozioak dio atxondarrek “ikurrina era natural eta askean onartu eta barneratuta dutela” eta bandera jartzeko “inposizioa” atxondarren “iritzia baztertuz eta udalbatza mehatxatuz” egin dela. Horregatik, “argi adierazi nahi dugu inposatzen zaigun banderak ez gaituela ordezkatzen; bandera hori ordezkatzen dutenak errespetatzen ditugu, baina aldi berean gu ere errespetatuak izatea eskatzen dugu”. Azkenik, herritarrei dei egiten diete “inposizioaren aurrean desadostasuna erakusteko, kale edo etxean ikurrina erabiliz”.

Espainiako bandera jartzeak eragingo dituen gastuak 300 bat euro izango dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!