Egun-pasa Vianara joateko izen-ematea hasi dute jubilatuek

Anboto 2014ko api. 15a, 09:00
Atxondoko jubilatuen elkarteak Vianara (Nafarroa) egun-pasa antolatu du maiatzaren 17rako. Interesatuta daudenentzako izen-ematea hasi dute, eta maiatzaren 9ra arte egongo da horretarako aukera jubilatuen etxean. Bazkide direnentzako prezioa 25 euro da, eta bazkide ez direnentzakoa 30 euro.


Nafarroan cava ekoizten den bi herrietako bat da Viana; Mendabia da bestea. Egun-pasaren barruan cava ekoizten den Mainegra bodega bisitatuko dute goizean. Ondoren, Vianako hainbat gune turistiko bisitatuko dituzte. Lehenengo Santa Maria elizara joango dira; XIII. eta XIV. mendeen artean eraiki zuten eliza gotiko hori. 1931n monumentu historiko-artistiko izendatu zuten.


Aurreikusita dagoen beste bisita bat Balcon de Toro palaziora egingo dutena da. XVII. mendean eraikita, 2009an berriztu egin zuten, eta herriko eraikin baliotsuenetakoa eta esanguratsuenetakoa da. Ondoren, herriko jatetxe batean bazkalduko dute, eta bazkalostean bingoan jokatzeko eta dantza egiteko aukera egongo da bertan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!