Preso eta iheslarien alde elkartuko dira Abadiñon

Itsaso Esteban 2016ko abe. 7a, 11:15

Barikuan eta zapatuan, Preso eta iheslariak Euskal Herrian aske lemagaz, Elkartasun Eguna ospatuko dute, Abadiñon.

Aldarrikapen horregaz, enkartelada bat egingo dute barikuan, 20:00etan, Traña-Matienan, bi eguneko egitarauari ekin orduko. Enkarteladaren ostean, Zalduerreka elkartean pintxo potea, eta Errotan bertso saioa izango da aukeran. Endika Zarrabeitia abadiñarrak emandako gaien inguruan arituko dira Miren Amuriza, Jon Maia, Sustrai Colina eta Aitor Bizkarra bertsolariak, Traña-Matienako kultur etxean.

Muntsaratzetik Zelaietarainoko kalejiragaz abiatuko dute zapatuko egitaraua, 12:00etan. Probalekuan batuko dira gero, 14:30ean, elkartasun bazkarian. Askotariko ekintzak izango dira bazkalostean ere: bingo musikala, ekitaldia, elektro txaranga, eta Txapito Guzman eta Ibarrako Langostinuek taldearen kontzertua, esaterako.
Musikagaz amaituko dute, zapatua, preso eta iheslarien eskubideak aldarrikatzeko antolaturiko egitaraua. Gaztetxean joko dute, 22:00etan, Kohatu berriztarrek, Skovers eskoriatzarrek eta Baske Street Boys abadiñarrek. DJ Alus-ek saioa eskainiko du, amaitzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!