EH Bilduk eta EAJk adostu dute Espainiako armadaren maniobrak kritikatzeko mozioa

Itsaso Esteban 2016ko urr. 26a, 10:00

Espainiako armadak abuztuan Urkiolan egin zituen maniobrak kritikatzen dituen mozioa adostu dute EH Bildu eta EAJ alderdiek, eta atzoko osoko bilkuran onartu zuten. "Abadiñoko Udalak Espainiar ejertzitoa erakunde arrotz bezala hartzen" duela dio, besteak beste, EH Bildu eta EAJko zazpi zinegotzien aldeko bozka jaso zuen idatziak. Idatzi horren kontra bozkatu zuten, aldiz, Abadiñoko Independienteak taldeko bost ordezkariek.

Udalean ordezkaritza daukaten hiru alderdiek agertu zuten iraileko osoko bilkurara begira ejertzitoaren abuztuko maniobrak salatzeko idatzi bat adostea, baina, azkenean, Abadiñoko Independienteek ez dute mozioa babestu. Alderdi horretako Jose Luis Navarro alkateak atzoko udalbatzarrean azaldu zuenez, "idatziaren eduki gehienagaz ados gaude, baina guk ez dugu sartu nahi mozio horretan egiten diren irakurketa politikoetan".

Atzo onartutako mozioan azaltzen denez, "udalbatza honek onartezintzat jotzen du horrelako jarduera militarrak gure zonaldeetan egitea, zeren eta udalari eta bere eskumenei erakutsitako errespetu faltez gain, kaltea eragin diezaieke herritarrei, ondasunei eta ingurumenari". Espainiako Defentsa Ministerioak ez zion udalari maniobra horiek egingo zituenik abisatu, eta horregatik, "Abadiñoko Udala kexu da erakunde publiko lokalak jakinaren gainean ipini barik, udalerrian sartu eta maniobrak egin dituztelako".

EH Bilduren eta EAJren gehiengoagaz onarturiko idatziak azken puntuan jasotzen duen bezala, Abadiñoko Udalak Defentsa Ministerioari jakinaraziko dio atzoko osoko bilkuran onartutako adierazpen hori.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!