Espainiako armadak Urkiolan egin zituen maniobrei buruzko galderak aurkeztu ditu EH Bilduk kongresuan

Anboto 2016ko urr. 12a, 10:34

Abuztuaren 30ean, Espainiako armadako kideak 23 orduz ibili ziren Urkiolako parke naturalean maniobrak egiten. Gertakari horri lotuta, Defentsa Ministerioaren jarrera kritikatu du EH Bilduk. Atzo, Defentsa Ministroari hainbat galdera eginez, idatzi bat aurkeztu zuen EH Bilduk Espainiako diputatuen kongresuan.

 

"Larria deritzogu babesturiko naturgune batean maniobra militarrak egiteari", dio EH Bilduk, "baina are larriagoa iruditzen zaigu instituzio militarrak ezelako baimenik eskatu barik jardutea". Abuztuaren 30eko maniobra horiek Bizkaiko Aldundiari, Urkiolako Parkearen Patronatuari edo inguruko udalei baimenik eskatu barik eta ezelako informaziorik eman barik egin zituzten.

Defentsa ministroari bi galdera luzatu dizkio EH Bilduk: "Euskal erakundeek behin eta berriro gaitzetsi arren gure lurretan armada espainiarraren jarduna burutzen jarraitzeko asmoa al dauka Defentsa Ministerioak?", "Espainiako armada naturgune babestuen inguruko legediaren gainetik dagoela uste al du Defentsa ministroak?".

Abadiñoko Udalak ere kritikatu zituen abuztuko maniobra militar horiek. Iraileko osoko bilkuran udalean ordezkaritza daukaten hiru alderdiek Defentsa Ministerioari Abadiñoren kexa helarazteko idatzi bat adostuko zutela iragarri zuten, baina alkateak asteon adierazi duenez, ez dute adostasunik lortu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!