Traña-Matienako eskalada-murrua irailean ireki nahi dute

Anboto 2016ko uzt. 28a, 21:17

Abadiñoko Udalak 28.165 euro erabiliko ditu eskaladarako rokodromo bat eraikitzeko Traña-Matienako erabilera anitzeko eraikinean. Eskalada-murrua irailean zabalduko dutela aurreratu dute prentsa oharrean. Gaineratu dutenez, okerdura eta gradu ezberdinetako lau gorputz izango ditu.

 

Udaletik azaldu dutenez, Jazz Solutions enpresak egingo duen eskalada-murruak eraikin estali batean eskalada egiteko aukera emango die kirol horretako zaletuei eta eskalada egiten ikasi nahi duten ume-gazteei.

Ezaugarri teknikoak

Udalak rokodromoaren inguruko zehaztasunak eman ditu. Frontoiaren horma ondoan egongo da, eta bulder bi izango ditu, 2,90 metro zabal eta 7,5 metro gora izango dituzte. Bigarren horrek 15 gradutik 30 gradura bitarteko bost okerdura izango ditu. Hirugarren bulder bat 3,5 metro gora eta 5,70 metro zabal izango da, 30 graduko okerdurarekin. Azkenik, horma lisu bat ere izango du, 3,5 metro gora eta 4,80 metro luze, zaletu  gazteentzat pentsatua. Horma guztiak  konbinagarriak dira  horizontalki, 19 metroko luzeran. Sare batek  banatuko ditu rokodromoa  eta eraikineko beste kirol kantxak.

Udalak irailean erabakiko ditu eskalada-murrua erabiltzeko arauak. Jose Luis Navarro alkateak esan duenez, eskaladak herrian dituen jarraitzaile ugarientzat egingo da rokodromoa. "Saiatu gara ahalik eta rokodromo osatuena egiten, herritarrek eskalada egin dezaten eraikin estali batean, arduratu gabe euria ala aterri ote den". Eneko Etxebarria zinegotziak azpimarratu du zeinen garrantzitsua den udalak kirola bultzatzea. "Abadiñoko Udaletik bideak jarri nahi ditugu abadiñarrek kirola egin dezaten, jakinik zeinen garrantzistua den ariketa fisikoa herritarrentzat. Rokodromo honekin  herritar gehiagok egin ahal izango dute kirol hori  Abadiñoko isntalazio publikoetan”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!