Gerediagako Foru Zelaiko horma-irudi informatiboak inauguratu dituzte

Anboto 2016ko uzt. 28a, 15:27

Gerediagako Foru Zelaia egunero zabalduko dutela iragarri dute, gaur, espazio horren historia azaltzen duten panel informatiboen inaugurazioan. Ana Otadui Batzar Nagusietako presidenteak, Jose Luis Navarro Abadiñoko alkateak eta Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak parte hartu dute inaugurazio ekitaldian.

Durangaldeko eta Bizkaiko historiaren parte garrantzitsua islatzen du Gerediagako Foru Zelaiak. Izan ere, 600 urtez gutxienez, bertan egiten zituzten Durangoko Merinaldeko Batzarrak. Ildo horretatik, Ana Otadui Batzar Nagusietako presidenteak azaldu duenez, "oso pausu garrantzitsua da espazio sinboliko hori bizkaitar guztiengana heltzea. turistek, bisitariek eta Gerediagako biztanleek egunero gozatu ahal izango dute paraje eder honegaz".

Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Abadiñoko Udalak Gerediaga elkartearen laguntzagaz Gerediagako Foru Zelaiaren ingurua egunero zabaltzeko akordioa adostu dute. Jose Luis Navarro alkateak dioenez, "denboran asko luzatu da akordioa da, baina denon artean lortu dugu. Itxaroten dut hemendik aurrera denok gai izatea Gerediagako espazio hau saltzeko. Horri zabalkundea ematea denon ardura da".

Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak bere berbaldian azaldu duenez, Gerediagako Foru Zelaia Merioaren ibilbideko parte garrantzitsua da. "Zortzi espaziotan zehar Durangaldeko sorrera, historia, bilakaera eta antolakuntza politikoa ulertzeko prestatutako ibilbidea da". Gaineratu duenez, ingurua egunero zabalduta eta horma-irudi informatiboekin "aurrerapausoa" eman da. "Merioaren Ibilbidea esperientzia osoagoa izango da". Panel informatiboak Jon Irazabalek eta Imanol Larrinagak egin dituzte.

 

Ordutegia

Bihartik aurrera egunero zabalik egongo da Gerediagako ingurua. Apiriletik irailera 10:00etatik 20:00etara eta urritik martxora 10:00etatik 18:00etara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!