EH Bildu: "Jaurlaritzak argi eta garbi dio Atxarteko birgaitze lanen ardura udalarena dela"

Anboto 2016ko uzt. 22a, 14:51

Dani Maeztu EH Bilduko parlamentariak eta Mikel Urrutia koalizio horren Abadiñoko bozeroaleak agerraldia egin dute, gaur, Atxarteko harrobi izandakoan. Bertan behera utzita zegoen bidoi batetik isuri kutsagarri bat gertatu zen ekainean, eta horren harira, Eusko Jaurlaritzako Industria sailari hainbat galdera egin zizkion EH Bildu taldeak. Besteak beste, Atxarteko harrobia izandakoaren birgaitze lanak egitea nori dagokion galdetu zuten. Industria sailak emandako erantzunak erakutsi dituzte gaurko prentsaurrekoan. Jaurlaritzaren arabera, "meatze-esplotazioaren birgaitzea baimenaren titularrari dagokio, Abadiñoko Udalari, alegia".

"Jaurlaritzak argi eta garbi dioen bezala, Abadiñoko Udalarena da ardura, eta eskatzen diogu era aktiboan parte har dezala inguru horren mantenuan", esan du Mikel Urrutia zinegotziak. Bestalde, "harrobien ustiapena bertan behera utzi zutenetik Abadiñoko Udalak hamarkadetan izan duen utzikeria" kritikatu du Urrutiak.

Abadiñoko EH Bilduko zinegotziak azpimarratu duenez, Abadiñoko Udalak harrobi horren ustiapena bi enpresari esleitu zienean, "baldintza orrian ez zuen adierazi ustiapena amaitzean inguru hori lehengoratzeko ardura enpresek euren gain hartu behar zutenik". Urrutiaren berbetan, "akats larria izan zen hori, eta orain, birgaitze proiektua gauzatzeko ardura Abadiñoko Udalera bueltatu delako".

Bi eskari luzatu dizkio EH Bilduk Abadiñoko gobernu taldeari, epe laburrekoa bata, eta epe luzera begirakoa, bigarrena. "Behin behineko neurri moduan, zonalde honen sarrerak ixtea eskatzen dugu, arrisku pertsonalak zein ingurumenekoak ekiditeko neurri bezala" eskatzen du EH Bilduk.

Bestalde, "epe luzera, Abadiñoko Udalak inguru honen lehengoratze proiektu bat diseinatu behar du, ondoren, proiektu hori zelan garatuko litzakeen jasotzen duen plangintza bat egitea". EH Bilduk onartzen du Atxarteko harrobi izandakoaren birgaitzearena kostu handiko proiektua izango dela, baina gobernu taldeari eskatzen dio "proiektua zehaztu eta urtez urte, udal aurrekontuetan diru-atal bat bideratu isuri gehiago ez bestelako istripurik ez dadin gertatu" dezala lan horietara.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!