Ixone Gulin: "Sorkuntzari ekiteko aukera gisa ikusi nuen lehiaketara aurkeztea"

Anboto 2016ko uzt. 23a, 10:00

Arteshop lehiaketaren sari nagusia jaso du Ixone Gulin gazte abadiñarrak.

Arteshop lehiaketa irabazi duzu. Zelan hartu duzu saria?
Ez nuen uste saria irabaziko nuenik: lehenengo aldia da sari bat eman didatena. Sorkuntzari ekiteko aukera gisa ikusi nuen lehiaketa horretara aurkeztea, izan ere, izena ematean diru-laguntza jasotzen dugu materiala erosteko. Oso inportantea da, sarritan, lanak lehiaketetara aurkezteko diru asko behar izaten baita. Gazteak izanda, ez gaude dirua galtzeko moduan... .

Lehenengoz aurkeztu zara Arte Ederretako ikasleei zuzenduriko sariketa horretara?
Bai. Ikasten ibili naizen lau urteetan beti eduki dut inguruan lehiaketa horretan parte hartzen zuen jendea, baina unibertsitateko klaseen ostean Bilbora joan beharra zegoen lehiaketarako lana burutzeko, eta ez naiz animatu izan. Aurten, aldiz, ez naiz hain lanpetuta ibili, eta horregatik aurkeztu naiz.

‘Tejer comunidad’ du izena saritu dizuten lanak. Zelakoa da?
Bilboko Otxarkoaga auzoan dagoen aniztasunari eta jatorri desberdineko jendearen elkarbizitzari egiten dio erreferentzia izenburuak. Nire lana auzo horretako farmazia batean erakutsiko zenez, Otxarkoagari buruz asko ikasi dut, eta oso motibatuta ibili naiz horretan: oso historia interesantea du auzoak, eta hedatuta dauden aurreiritzi negatiboak gezurtatu dizkidate.

Historia horren berri auzotarrek eman dizute?
Bai. Farmaziaren jabeak kontatu zidan, adibidez, berea izan zela Otxarkoagako lehenengo farmazia, drogagaz jendeak zituen arazoek zelan eragin zuten auzoan zein farmazian bertan... Berak kontatutakotik joan naiz lanari norabidea ematen.

Argi zeneukan zer adierazpide baliatuko zenuen?
Sortu ahala joan naiz horri buruzko erabakiak ere hartzen. Banekien argazkigintza eta hizkuntza baliatuko nituela, adibidez, baina gero, prozesuan zehar sortzen doaz gauzak. Hasiera batean ez neukan argi zer aterako zen, eta auzoko argazki zaharrak eta mapa topografikoen figurak uztartu ditut azkenean.

Argazkigintza da gustukoen duzun arloa?
Azkenean beste forma bat hartzen duen pieza baten parte izaten dira nire kasuan argazkiak, sarritan. Internetetik edo liburuetatik hartutako argazkiak baliatzen ditut, edo neuk egin eta ediziorako programekin landutakoak. Gero, argazkiaren gainean marrazten dut, edo instalazio baten parte bihurtu.

Arte Ederrak eta moda diseinuko ikasketak amaitu dituzu?
Bai, Arte Ederretako Gradu amaierako proiektua urtarrilean aurkeztu nuen. Aldi berean, moda diseinuari buruzko Gradu osteko bat egiten ere ibili naiz ikasturte honetan. Kurtso horren amaieran ekitaldi bat egin genuen, eta beste ikaskide bat eta neu aukeratu gaituzte irailean geure diseinuak Bilbon eta Madrilen egingo diren erakusketetara eramateko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!