Beraien "erantzunkizuna" onartzeko eskatu die Jose Luis Navarro alkateak merkatariei

Anboto 2016ko eka. 24a, 10:08

Murueta auzoko lursail baten sailkapena aldatu eta bertan bi merkaritza gune berri zabaltzeko udal gobernuaren egitasmoak sortutako polemikaren inguruan, gutuna helarazi die Jose Luis Navarro Abadiñoko alkateak herriko merkatariei. Lursail horretan kokatzeko interesa agertu zuen enpresetako batek Abadiñoko proiektua bertan behera utzi izana ekarri duten protesten gaineko euren "erantzunkizuna" onartu dezatela eskatu die alkateak merkatariei.

Gutun horretan adierazten denez, ekainaren 20an burutu zuten batzar batean, Muruetako gaiaren inguruan izan duen jarreragatik barkamena eskatzeko eskatu zioten merkatariek Jose Luis Navarro alkateari. Alkatearen barkamen eskari hori barik, "Udaletik etorritako ezer" ez dutela onartuko adierazi omen zuten merkatariek.

Baina Jose Luis Navarro alkateak gutun horretan berretsi egin du Muruetako "protesta kanpainaren buruan Abadiñoko Merkatari elkarteko kideak" zeudela, eta "presio mediatiko horren ondorioz", supermerkatu batek iragarri duela ez dela Abadiñora etorriko. "Zentzuzkoa iruditzen zait zuei eskatzea onartu dezazuela daukazuen erantzunkizuna orain arte egin diren protesten gainean, protesta horiek izan nahiz ez izan supermerkatu horiek Abadiñora ez etortzeko hartu duten erabakiaren arrazoia", esan die gutun horren bitartez.

Alkateak sinaturiko gutunean esaten denez, ekainaren 20ko batzar horretan "Udalak herriko merkataritzaren alde martxan jarri nahi" dituen neurriez informatu gura zituen gobernu taldeak merkatariak. Honela amaitzen du alkateak gutuna: "Martxan jarri nahi genituen neurri guztiak mantentzen ditugu, eta zain geratzen gara jakiteko zein den zuen erabakia".

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!