935 abadiñarrek sinatu dute birkalifikazioari buruzko galdeketa eskatzeko

Anboto 2016ko mai. 25a, 13:23

Ia mila abadiñarren babesa lortu dute Murueta auzoan lursail bat erabilera komertzialerako eremu bezala izendatzeko Abadiñoko Arau Subsidiarioak aldatzeari buruz herri galdeketa egin dadin eskatzeko burutu duen sinadura bilketan. Oraindik ere bilketagaz jarraituko duten arren, bi asteotan bildu dituzten 935 sinadurak eta mozio bat aurkeztu dituzte, Ander Cimas eta Goretti Galan Kaleartean Plataformako kideek, gaur, udaletxean.

935 sinadura horien babesagaz, udaletxean aurkeztu duten mozioa Abadiñoko Udalaren hurrengo osoko bilkuran eztabaidatuko dela espero dutela azaldu dute Cimasek eta Galanek. Mozio horren bitartez eskatuko diete udaleko ordezkari politikoei "herri galdeketa baten bidez har dadila Arau Subsidiarioen aldaketari buruzko erabakia".

Ia mila abadiñarren sinadura horiek erakusten dute, Plataformakoen ustez, "herri galdeketa ez dela, alkateak esan duen bezala, norbanako bati bururatu zaion kontua, baizik, herritar asko arduratzen dituen gaia" dela, eta entzun egin behar luketela abadiñar guzti horiek esateko dutena.

Jose Luis Navarro alkateak herritarren parte hartzearen inguruan agertzen duen koherentzia eza kritikatu dute Kaleartean Plataformako kideek: gogora ekarri dute, behin baino gehiagotan agertu duela bere burua "herritarrei ahotsa emango zien ohiko alderdi politikoekiko alternatiba" bezala. 

Azpimarratu dute, ezbaian dagoena ez dela herritarrek supermerkatu berriak zabaltzea gura duten edo ez, baizik, "ad hoc egindako birkalifikazio" proposamenaren inguruan abadiñarrek euren iritzia emateko eskubidea eduki behar duten ala ez. "Gauzak zelan egiten diren" da, Galanen berbetan, eztabaidagaia. Azaldu dute, herri-galdeketaren aldeko euren sinadura eman dutenetariko zenbaitek galdeketa egingo balitz superkatuak zabaltzearen aldeko bozkatuko luketela ere adierazi izan dietela.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!