San Blas jaiak 2016

Jacinto Iturriagaetxebarria: "03:00etarako altxatuta egoten naiz San Blas egunean"

Anboto 2016ko ots. 2a, 15:00

“Ea eguraldi ona egiten duen”. Horixe da Jacinto Iturriagaetxebarriak (Gaztelu, Abadiño, 1943) biharko desio duena, beste baserritar azokazale askoren antzera. 25 bat urte daramatza San Blas eguneko azokara ganaduagaz joaten. Biharko egunez azokara eroango duen abelburu preziatuetako bategaz agertu da etxe atarian.

Noiz hasi zinen San Blas eguneko azokan parte hartzen?
Uste dut 24-25 bat urte izango direla. Urte asko dira dagoeneko (barrez). Lehenago, ilusio handia egiten zigun, handia, benetan. Orain, gutxiago. Abadiñokoa, hotzitzen hasita egon den feria bat izan da; badakizu, baserritar kopurua beherantz doa, gu ere adinean aurrera goaz, eta ganadua kentzen gabiltza. Baina, Abadiñoko azoka ez da sekula galduko, atzera ere pizten hasi da. Aurten, gainera, udalak lau sari ipini ditu.

Sariek laguntzen al dute?  
Bai. Beti tiratzen dute. Ni ere, aurten, ilusioagaz noa San Blas egunera. Hamar buru daramatzat. Sariak kenduta egon dira aspaldian; “neuk ere prestatu behar dut” esango luke sari barik geratutakoak.

Urte guztiotan, azoketan irabazi al duzu saririk?
Bai. Abenduan, adibidez,  Leioara joan nintzen, zazpi abelburugaz. Bi sari nagusi zeuden: behirik astunena eta behirik eleganteena. Eleganteenarena Iurretako Bikandik lortu zuen, eta astunenarena nik. Nire behiak  1.274 kilo pisatu zuen, eta beste batek 1.252. Bestalde, txekorrak 1.336 kilo pisatu zuen. Orain, astunago daude; txekorrak 1.400 bat kilo ditu, eta behiak 1.300 inguruan daude.

Jendeak agertzen al du interesik Abadiñon?
Salmentak-eta bajatuta daude. Lehen, Abadiñora etorri, txahal bat ikusi, prezioagatik galdetu... Gero, igoal, etxetik deitzen zizuten abelburuak erosteko. Gaur egun, bateren bat kenduta, ez da egoten halakorik. Erakusketa da, batez ere. Udalak asko laguntzen digu, gauzak diren moduan esan behar dira.

Zelakoa izaten da zuretzat San Blas eguna? Zer ordutan jaikitzen zara?
San Blas egunean, 03:00etarako altxatuta egoten naiz. Izan ere, 04:30erako kamioia etortzen da hona. Semea etortzen da laguntzera, eta hara eramatean, koinatuak abelburuak garbitu eta ondo prestatzen ditu. Prestaketa amaitzen dugunean, 08:30erako edo, arropak aldatu, eta salda hartzen dugu. Gero, hantxe, ferian egoten gara.

Edukitzen al duzu astirik zerbait ikusteko? Edo erroskillarik erosteko?
Ez. Gainera, emazteak hartzen ditu erroskillak, eta haretxek jaten ditut. Kordelak ere berak hartzen ditu. Badakizu, kordela sakratua da, eta gustura ipintzen dut.

Zelan zaintzen dituzu azoketara eramaten dituzun abelburuak?
Kariño handiagaz. Ganadua urte guztian zaindu behar izaten da. Askok esaten dute azokara eraman aurreko hilean prestatuko dituela abelburuak, baina hori ez da ganoraz prestatzea. Nik Elorriora, Urkiolara, Leioara eta Abadiñora eramaten ditut. Ganaduari kasu egin behar diozu, gainean egon behar duzu beti.  

Eguneroko lana da hori...
Egunero joan behar duzu abelburuengana, birritan bai behintzat. Zelan dauden, ea gaixorik edo badauden...

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!