Faboritoek aurrera egin dute Tornosolo Kopan

Anboto 2015ko aza. 23a, 12:21

Mikel Gonzalez eta Thierry Harismendi finalerdietarako sailkatu ziren barikuan.

Tornosolo Kopako sari nagusiko lehen jardunaldian faboritoek aurreikuspenak bete zituzten. Mikel Gonzalez berriztarrak eta Thierry Harismendy-k lortu zituzten finalerdietarako txartelak. Dena dela, oso modu desberdinean lortu zituzten garaipenak. Gonzalez jaun eta jabe izan zen partidu osoan zehar; Harismendyk, aldiz, gorriak ikusi zituen Asier Aspuru abadiñarra kanporatzeko.

Mikel Gonzalezek ez zion aukerarik eman Oier Gurutzealderi. Emaitzak kantxan ikuistako aldea islatzen du: 40-12. Bizkaitarrak sakearekin zein pilotari emandako abiadurarekin min handia egin zion Munduko Kopan brontzea lortutako gipuzkoarrari. Pilotari bien artean oraindik koxka bat dagoela agerian geratu zen.

Asier Aspuruk lan bikaina egin zuen bigarren finalerdian. Ipar Euskal Herriko izar baten kontra jokatzen zuen lehen aldia zen eta konpromiso maila horretako partiduak jokatzeko baliabideak badituela erakutsi zuen. Lehen erdian hazita eta konfiantza askorekin aritu zen eta markagailuan bereak izan ziren aldeak. Azken unera arte ezustekoa emateko aukerak izan zituen faboritoaren kontra (36-37). Azkenean, Harismendyk bere esperientzia baliatu zuen lau tanto segidan egin eta partidua aurrera ateratzeko.

Barikuan finalerdiak jokatuko dituzte. Harismendyk iazko azpitxapeldun Ander Antxia abadiñarraren kontra jokatuko du. Mikel Gonzalezek iazko txapeldun Inhar Ugarte izango du kontrario.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!