Gaztetxeko baratzaren bidetik, ortu sozialen proiektua helburu

Anboto 2015ko urr. 8a, 12:51
Udaberrian landatu zituzten gazteek haziak, eta ezelako produktu kimikorik barik jorratzen dute.

Duela hiru aste, Gaztetxe ondoko lursaileko ortua hamabost egunen buruan kentzeko agindua eman zien Jose Luis Navarro alkateak asanbladako kideei. Herritarrena den lur bat erabilera pribaturako hartu zutela, eta lehen zegoen bezala uzteko agindu zien alkateak.


Aste biko epemuga igarota, zegoen lekuan darrai Itaidxe taldeak atondutako ortuak. Gazteek udaberrian landatu, eta ezelako produktu kimikorik barik hazi dituzten tomateak, piperrak, berenjenak, eta kalabazinak daude, besteak beste, lursail horretan.

Alkatearen gutunari erantzunez, oharra kaleratu zuten gaztetxekoek. Ortua ez dela pribatua, baizik, gaztetxe moduan, “herritar guztiei irekita dagoen proiektua”, azpimarratu zuten gazteek. “Mehatxuekin” ez direla “kikilduko”, eta ortua ez dutela kenduko iragarri zuten. Ortua ipini duten gazteek diotenez, “beren burujabetza ahalik eta gehien garatu nahi duten gazteak” ditu Jose Luis Navarro alkateak aurrean. Hain zuzen, herritarren boteregune eta burujabetza esparru horiek direla gobernu taldearentzat benetako arazoa uste dute gazteek. Ortua kentzeko alkateak emandako agindua, “bere boterea praktikatu eta berresteko grin hutsa” dela diote asanbladakoek.

Ortua kentzeko aginduaren ostean, eta gazteen erantzuna entzun eta gero, ortua liburutegi ondora lekualdatzea proposatu zien, joan zen martitzenean, Jose Luis Navarro alkateak. Ez du erantzunik jaso, baina esan duenez, espero du, “lorategiak bere itxura berreskuratzea, eta gazteek landatutakoa kentzea”.
Joan zen martitzeko udaleko plenoan ere berbagai hartu zuten gaztetxeko ortuaren gaia. EH Bilduk kritikatu egin zuen gai horregaz gobernu taldeak izan duen jarrera.   

Ortu sozialak helburu
Gaztetxe ondoko lursailean bezala, autogestioaren aldeko apostuagaz, ortu sozialen proiektua martxan ipini gura duen taldea sortu berri da, Abadiñon. Taldekideen esanetan, “urteetan jende ugari joan izan da udaletxera, landu ahal izateko lur zati bat eskatzera, eta erantzuna ezezkoa izan da beti”.

Udalak erabili bako lursail asko dauzkala jakitun direlako, herritarrak antolatzen hasi direla dio Ortu Sozialen Taldeak. Urriaren 12an, 18:00etan, Txanporta kultur etxean egingo duten batzarrera joateko gonbidapena egin diete ortu sozialen ekimenagaz bat egin gura duten abadiñarrei. Interesa duenarentzat, abaortuak@gmail.com helbidea ere zabaldu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!