Diru-laguntza eska dezakete euskara ikasle izan direnek

Anboto 2015ko ira. 1a, 09:00

2014-2015 ikasturtean euskara eskoletara joan direnek egin dezakete Udalak ematen duen diru-laguntza jasotzeko eskaria. Irail osoan zehar egin ahalko da eskaria, Traña-Matienako Errota kultur etxean zein Zelaietako Udal Mediatekan.

Euskara ikasteko diru-laguntza jaso ahal izateko, baldintza bi bete beharko ditu eskatzaileak: herrian erroldatuta egotea, eta ikastaroetan gutxinez %80ko asistentzia eduki izana.

Eskariagaz batera, nortasun agiriaren fotokopia, matrikula ordaindu izanaren agiria, euskaltegiaren ziurtagiria eta kontu-zenbakia aurkeztu beharko ditu eskatzaileak.

Gobernu taldeak jakitera eman duenez, iaz 37 abadiñarrek jaso zuten euskara ikasleentzako diru-laguntza hau, eta Abadiñoko Udalak 7.000 euro bideratu zituen helburu horretara.

Berbalagun taldea

Diru-laguntza hori jasotzeko bezala, Berbalagun taldeetan parte hartzeko izen-ematea ere irailean zehar egin ahalko dela eman du Abadiñoko Udalak jakitera. Talde horietan parte-hartu eta solaskide izatera animatu ditu Argi Abad Hezkuntza eta Euskara zinegotziak abadiñarrak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!