"Greziar askok politikariekiko haserrea adierazi digute"

Anboto 2015ko uzt. 7a, 10:32

Izaro Elorriaga (Abadiño, 1987) eta Daniel García (Cordoba, 1985) Grezian daude oporretan. Turistak izan arren, bikote hau Greziak bizi duen une erabakigarriaren lekuko da. Greziarrek ezetz esan diete Bruselatik ezarritako murrizketei. Desobedientzia adierazpen honek Milos irlan harrapatu zituen igandean Izaro eta Daniel.

Oporretan zaudete Grezian. Zelan bizi izan zenuten erreferendum eguna?
Bai, aste bete daroagu bertan. Atenasen egin ditugu egun bi, eta lau irla bisitatu behar ditugu; Signos, Milos, Amorgos eta Naxos. Erreferendum eguna Milosen pasatu genuen. Gu emaitzen berriak begiratu eta begiratu egon ginen baina Milosen ez zen ezer desberdinik somatzen.

Zein giro somatzen duzue kalean?
Egon garen irletan esan daiteke ez dabilela ezer pasatzen. Atenasen berriz, erreferenduman aurreko egunetan mugimendu handia ikusten zen, batez ere ezetzaren aldekoa. Manifestaldi jendetsu bat ikusi genuen, kalean kartel asko, kotxeetatik bozgorailuekin propaganda, etab. Telebistan ikusi den moduan, guk ere ikusi ditugu jende ilarak kutxazainetatik dirua atera guran. Metroan jendea hurbildu zitzaigun ez ordaintzeko esaten, bankoen blokeoaren protesta lez.

Supermerkatuetan hornidura falta dagoela entzun dugu komunikabide batzuetan. Horrelakorik ikusi duzue?
Ez, momentuz behintzat guk ez dugu halako ezer ikusi.

Turistak zarete. Erreferendumaren eraginez turismoak behera egin duela ere esan dute. Horrelakorik ikusi duzue?
Egia esan, guk ez daukagu beste urte batzuetako erreferentziarik, baina ezetz esango genuke. Turista asko ikusten da.

Zerbitzuek normal funtzionatzen dute egon zareten lekuetan?
Bai. Guk erabili behar izan doguzan zerbitzuak (metroa, autobusa, etab.) normaltasunez funtzionatzen dute.

Ikusminez jarraitzen ari zarete Grezian pasatzen ari dena?
Bai. Egunero irakurtzen ditugu berriak.

Greziarrek zer diote kalean bizi duten egoerari buruz?
Ez dugu jende askorekin honi buruz berba egiteko aukera eduki, baina adibidez Atenasen lo egin genuen etxeko emakumeak esan zigun egoera oso gogorra dela. Soldatak asko jaitsi direla azken bost urteetan eta prezioak berriz ez. Beste pertsona batzuk orokorrean politikariekiko duten haserrea soilik adierazi digute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!