Gorka Iturraspe: "Igoera faseko gol biak nire ibilbideko dotoreenak eta garrantzitsuenak izan dira"

Anboto 2015ko uzt. 3a, 09:00
Gorka Iturraspe, Bilbao Athleticeko futbol jokalaria (Argazkia: Lehior Elorriaga)

Lesio luze baten ondorioz, aurten ez du askorik jokatu, baina zelaian eman dituen minutu apurrak ez dago hobeto aprobetxatzerik. Athletic B-ren igoera fasean ekarpen erabakigarria izan du gol bi sartuta. Lesioa gainditu, eta taldean finkatzea du helburu: “Oraindik asko erakutsi behar dut”.

Denboraldi hasieran nork esango zizuen igoera lortuko zenutenik...
Guk ez genuen espero horrelako denboraldia egingo genuenik. Hirugarren Mailako Baskonia taldetik jokalari asko igo ginen. Kukok [Jose Angel Ziganda entrenatzaileak] esan zigun partiduz partidu joango ginela eta denboraldia aurrera joan ahala markatuko genituela helburuak. Sestato River taldearen kontrako partidua –30. jardunaldia– mugarria izan zen. Etxetik kanpora emaitza onak lortzea kosta egiten zitzaigun, eta, kontuan izanik Sestao zelai zail bat dela, bertan garaipena lortzeak konfiantza handia eman zigun. Playoffetan sartzeko aukera asko genituela sentitu genuen.

Non egon da hain ondo ibiltzeko gakoa?
Talde oso batua gara, eta hartu-eman ona dugu, baina, nire ustez, 1995eko belaunaldian dago gako nagusia. Kimu mailatik elkarrekin ibili dira, eta Lezamako talderik onenetakoa osatu dute. Nik beti konfiantza handia izan dut belaunaldi horrengan. Ni urte bat lehenagokoa naiz.

Zelakoa izan zen ospakizuna?
Imajinatu [barreak]. 600 zale joan ziren Cadizera gu animatzera. Partiduaren ostean, Jerezera joan ginen, eta han ospatu genuen igoera.

Azken kanporaketan, tradizio handia duen Cadiz taldea kanporatu duzue.
San Mamesen ez zuen ondo jokatu, eta guk egoera aprobetxatu genuen (2-0). Cadizen, bederatzigarren minutuan gola sartu zigunean, asko sufrituko genuela ikusi genuen. Pare bat baloik zutoina jo zuten, eta defentsan indartsu egoten saiatu ginen.

Joanekoan, 33.000 zaleren aurrean jokatu zenuten.
Villanovenseren eta Murtziaren  kontra ere jende asko batu zen, baina Cadizen kontrakoa itzela izan zen. Cadizen bertan 25.000 lagunen aurrean jokatzea ere polita izan zen.

Orain dena da poza, baina denboraldiko zati handi bat gogorra izan da zuretzat.
Bai, horrela izan da. Baskoniatik igo ostean, hau izan da nire lehenengo denboraldia Athletic B-n. Aldakan lesio bat izan dut, eta lau hilabetez geldi egon naiz. Hasieran, entrenatzen nintzen, baina, egoerak okerrera egin aurretik, geratzea erabaki genuen. Orain ondo nago, baina lanean jarraitu behar dut, mina bueltatu ez dadin. Lesioaren ondoren, taldean sartzea gaitza izan zen; erritmoa hartu behar nuen, taldekideak oso ondo zebiltzan. Nik nire lanean jarraitu nuen, eta entrenatzailea minutu batzuk ematen hasi zitzaidan saritzat. Zoritxarrez, aurten ez dut askorik jokatzeko modurik izan.

Igoera fasean, aldiz, oso garrantzitsua izan da zure ekarpena. Gol bi sartu dituzu. Zure burua aldarrikatzeko balio izan dute?
Nik taldeari lagundu nahi nion; jokatutakoak hogei minutu baziren, hogei minutu, eta, gehiago baziren, hobeto. Igoera fasean minutu batzuk jokatzeko aukera izan dut, eta, zorteagaz edo zorte barik, taldeari lagundu dioten golak sartu ditut. Taldeari igoera lortzen lagundu diot, eta pozik nago, baina oraindik asko erakutsi behar dut.

Igoera fasean sartu dituzun gol biak oso dotoreak izan dira.
Nire ibilbideko dotoreenak eta garrantzitsuenak izan dira. Sekula ez naiz izan gol asko sartzekoa. Iaz, Baskonian bi sartu nituen. Baina aurten 180 minutu jokatu, eta hiru gol sartu ditut.  

Oporretatik bueltan, Bigarren Mailan ibiliko da taldea. Zelako denboraldia aurreikusten duzu?
Lehenengo eta behin, denboraldi-aurrea gainditu beharra dago. Jokalari asko egongo gara, eta entrenatzaileak erabakiko du nortzuek jarraituko duten. Oraindino ez dakit Athletic B-n jarraituko dudan hurrengo denboraldian. Hala ere, toki bat lortzeko borrokatuko naiz.

Ander Iturraspe anaia lehenengo taldean dabil. Zer garrantzia izan du zure ibilbidean?
Beti jarri dut arreta Anderrengan, eta txikitan bere partiduak ikustera joan izan naiz. Baina, gero, etxean, ez dugu gure futbolari buruz berba askorik egiten. Futbolari buruz orokorrean bai, baina ez geure kontuei buruz. Alderdi profesionala eta familia girokoa bereizten saiatzen gara.

Zelan laburbilduko zenuke zure anaiak aurten egin duen denboraldia?
Fisikoki ez da bere onenean egon, eta lesioren bat ere izan du. Zaila da Athleticen jokatzea.

Behin, Kulturalaren kontrako partidu batean ikusi zintudan, min hartu zenuen, eta aldatu egin zintuzten, negarrez.
Ez zen lesioa izan. Hankako muskulu bikiak askotan igotzen zaizkit, eta arazoak izan ditut. Orduan hori gertatu zitzaidan. Amorruaren ondoriozko negarra izan zen: lagunak partidua ikustera joan ziren, etxean jokatzen nuen… Lesioak arazo handia izan dira nire ibilbidean. Kadeteetan nenbilenetik, urtero izan dut lesioren bat, iaz izan ezik. Denboraldi erdia min hartuta eta beste erdia jokatzen, horrela ibili izan naiz. Bizkarreko arazoak izan ditut, meniskoa eta peronea apurtu ditut… Une txarrak bizi izan ditut, bai, baina orain ondo nago, eta ea horrela jarraitzen dudan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!