Zaborren ordenantza aldatu dute

Anboto 2015ko ots. 26a, 15:00

Abadiñoko Independienteak eta EAJren aldeko bozkekin onartu zuten joan zen martitzeneko udalbatzarrean, zaborren ordenantzan aldaketa egitea. Abstenitu egin zen aldiz, Bildu. Aldaketa horren ondorioz, indar gabe utzi dute 1985. urtetik kontainerretatik 100 metro baino urrunago zeuzkaten abadiñarrak zabor tasa ordaintzetik salbuesten zituen artikulua (zaborrontzia urrun izateak eragindako deserosotasuna konpentsatu asmoz zegoen artikulu hori ordenantzan).

Aurrerantzean, beraz, herritar guztiek ordaindu beharko dute zabor bilketako tasa. Jose Luis Navarro alkatearen berbetan, "abadiñar guztiek erabiltzen dute zabor bilketa eta birziklatze zerbitzua, eta, hortaz, denek lagundu behar dute zerbitzua mantetzen".

Abadiñoko gobernu taldeak azpimarratu duenez, ordenantzan aldaketa hau egin orduko, hondakinak biltzeko guneak atondu dituzte baserri guneetan ere: "Durangaldeko Mankomunitatearekin batera martxan jarritako sistema horri esker baserri-auzoek hiriguneen erraztasun berdinak dituzte hondakinak birziklatzeko", azpimarratu du Abadiñoko gobernu taldeak.

Zaborren ordenantzan aldaketa egitea proposatzen zuen herenegungo udalbatzarreko puntu horretan, abstenitu egin zen Bildu. Udalak baserri guneetan ez duela hirigunean besteko zerbitzurik eskaintzen uste du Bilduk. Ibai Urrutia zinegotziak udalbatzarrean esan zuenez, nekazal guneetako herritarrak tasa murritzago bategaz konpentsatzea proposatu zuen, horregatik, Bilduk batzordean. Proposamen horrek, baina, ez zuen beste alderdien babesik eduki.

Eneko Etxebarria EAJko bozeroaleak, bestalde, bilketa gune berrien kokalekuak egokienak diren ikusteko, jarraipena egiteko beharra azpimarratu zuen, martitzeneko udalbatzarrean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!