400 euroko saria sanblasak irudi ederrenean islatzen dituen argazkilariarentzat

Anboto 2015ko urt. 28a, 14:00
Iazko argazki lehiaketako irabazlea

San Blas jaietako argazki lehiaketaren bosgarren edizioa antolatu dute aurten. Jaiaz gozatzeko eta aldi berean bertako ekintzak jasotzeko proposamena da udalak egiten duena. Izan ere, argazkilarien begietara interesgarri izan ahal diren irudiak eskaintzen dituzte otsailaren 3ko feriak eta horren bueltako egunetan antolatzen diren ekintzek. Partaideek otsailaren 13ra arteko epea edukiko dute lanak aurkezteko.

Jaia irudi ederrenean islatzen duenak 400 euro poltsikoratuko ditu, eta bigarren lan onenaren egileak 250. Gainera, herriko argazkilari onenarentzat 150 euroko accesita gorde dute.

Kolorez edo zuri-beltzean
Argazki lehiaketako partaide bakoitzak argazki bi aurkeztu ahalko ditu gehienez. Koloretan edo zuri-beltzean, bietara onartuko dituzte epaileek; hori bai, originalak eta inon argitaratu bakoak izan beharko dute. Aurkezteko moduaren inguruan, hainbat ohar eman dituzte antolatzaileek: euskarri gogorrean aurkeztu behar dira, eta, gutxi gorabehera, 30x40 zentimetroko tamaina eta bi milimetroko sendoera eduki behar dituzte.

Gainera, argazki bakoitzaren atzean titulua idatziko dute argazkilariek, eta inskripzio fitxa bereizitako gutunazal batean sartuko dute, horri ere argazkiaren tituluaren erreferentzia emanda.
Otsailaren 13an, 20:00etan, amaituko da lanak entregatzeko epea, eta Errota kultur etxean edo Udal Mediatekan jasoko dituzte lanok.

Erabakia, 20an
Lan guztiak jaso ostean, epaimahaiak otsailaren 20an emango du bere erabakiaren berri. Arratsaldeko 19:00etan egingo dute sari-banaketa ekitaldia, Errota kultur etxean.
Gainera, lehiaketara aurkeztutako lan onenak aukeratuko dituzte epaileek, eta herritarrentzat ikusgai ipiniko dituzte erakusketa batean. Hilaren 20tik martxoaren 6ra bitartean egongo da erakusketa, Errotan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!