Beste urte batez luzatuko dute kale garbiketaren kontratua Cespa enpresagaz

Anboto 2015ko urt. 28a, 11:26

2010. urtean erabaki zuen Abadiñoko Udalak Traña-Matiena auzoko kaleen eta industriguneen garbiketa lehiaketa publikora ateratzea, eta lau urterako esleitu zion zerbitzu hori eskaintzeko baimena Cespa S.A. enpresari. Abadiñoko Independienteen eta EAJren aldeko bozkekin, esleipen hori beste urte beterako luzatu zuten, atzo. Erabaki horren kontrako jarrera agertu zuen, aldiz, Bilduk.

Lau urterako egin zuten 2010. urtean esleipena, eta beste bi urtez luzatzeko aukera ere adostu zuten. Beraz, Jose Luis Navarro alkateak atzoko udalbatzarrean azpimarratu zuen bezala, datorren urtean erabaki beharko du udalbatzak zerbitzu hori berriro lehiaketara atera, edo Traña-Matienako kaleen eta industriguneen zerbitzua bere gain hartu.

Abadiñoko udalbatzak kalitatezko enplegu publikoaren aldeko eta azpikontratazioa gutxitzeko konpromezua hartu zuela duela hilabete batzuk, eta atzo hartutakoa bezalako neurriekin alderantzizko norabidean doala Abadiñoko Udala kritikatu zuen Aitor Azueta Bilduko bozeroaleak, atzoko plenoan.

Udalak zerbitzu publikoak ala pribatuak lehenetsi behar lituzkeen eztabaidan jardun ziren Abadiñoko Independienteak eta Bilduko ordezkariak, atzoko plenoan. "Jarduera antzua da zuekin gai honetaz eztabaidatzen segitzea, hasieratik agertu baituzue ez zaudetela esleipen honegaz ados", eman zuen Jose Luis Navarro alkateak eztabaida amaitutzat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!