Abadiñoko ziklo-kros proba berreskuratuko dute zapatuan

Anboto 2015ko urt. 20a, 16:12
Joseba Gorostiza erdian gaurko aurkezpen ekitaldian.

Hamarkada bat baino gehiagoan desagertuta egon ostean, Abadiño Muntsaratz klubak ziklo-kros proba berreskuratuko du. Espainia mailako onenak etorriko dira, munduko txapelketaren atarian, prestaketarako proba aproposa delako. Egoitz Murgoitio berriro bizikleta gainean ikusteko aukera ere eskainiko du probak; gaztetxoen promozio lasterketetan parte hartuko du

Orain urte bi sortu zuten Abadiño Muntsaratz Txirrindulari Kirol Klubak Abadiñoko Udala Saria Ziklo-Kros Proba antolatuko du larunbatean, udalak, Bizkaiko eta Euskadiko txirrindularitza federazioek eta Rural Kutxak lagunduta. Horrela, orain dela hamar bat urtera arte tradizio handia zuen proba berreskuratuko dute Abadiñon. 160 ziklo-kroslari inguru batuko ditu.

Urtarrilaren 29tik 31ra Herbehereetan jokatuko den munduko txapelketarako azken prestaketa saio moduan hartuko dute txirrindulariek eta, horregatik, estatu mailako onenak etorriko dira. Hutsune nagusienak gizonen elite mailako Aitor Hernández eta Javier Ruiz de Larrinagarenak dira; hauek asteburuan Belgikara doaz Espainiako Kopako lasterketa batera.

Zelaieta eskolan egongo da irteera eta helmuga. Zelaieta inguruko landetatik 2,6 kilometroko zirkuitua diseinatu dute: “Teknikoa da eta seguruenik lokaztuta egongo denez, gogorra eta ikusgarria izango da. 200 metro inguru errepidetik dira eta gainerako guztia landetatik. Zelaian zehar hainbesteko tartea duen zirkuituak ez dira asko ikusten. Munduko txapelketara doazenentzat prestaketa ona izango da”, adierazi du Joseba Gorostiza probako antolatzaileetako batek.

Naia Alzola eta Jose Arriola faborito elite mailan

09:30etik aurrera, mailaz maila irtengo dira txirrindulariak. Gizonen elite mailan, Hernández eta Ruiz de Larrinaga faltako direnez, Jose Arriola kantabriarra da faborito. Berrizko proban ere estatu mailako izar biek ez zuten parte hartu eta Arriolak irabazi zuen. 23 urtez azpikoan Kevin Suarez kantabriarrak eta Felipe Orts valentziarrak “ikuskizun itzela” eskaini dezaketela uste du Gorostizak. Jon Munitxa abadiñarra ere “oso denboraldi ona” osatzen dabil eta “oso motibatuta dago lasterketa bere jaioterrian delako”. Emakumeen elite mailan Iurretako BZK Emakumeen Bira taldeko Naia Alzola durangarra da faborito nagusia.

Mutilen kadete mailan Txomin Munitxa abadiñarrak (Gaursa-Renault) Jon Murias muskiztarra izango du arerio nagusia; nesketan ere faborito argi bi daude: CAF Engineering taldeko Andere Basterra eta Luisa Ibarrola arabarra. Azkenik, gazte mailan Julen de la Torre arabarra (Spiuk taldea) eta Mireia Muñoz muskiztarra (CAF Engineering) dira faborito.

Egutegiko azken proba denez, Euskaldun Torneoko eta Gazte Kopako irabazleei dagozkien maillotak ere banatuko dituzte sari banaketan.

Egoitz Murgoitio bizikleta gainean

Gaztetxoen artean ziklo-kroserako zaletasuna sustatu guran, 11:30etik aurrera adinaren arabera banatutako (6-10 / 10-12 / 12-14) hiru lasterketa antolatu dituzte. Izen-ematea doakoa da eta egunean bertan egin daiteke. Proba hauetan Egoitz Murgoitiok parte hartuko du, iazko urtarrilera arte profesionaletan jardun zuen ziklo-kroslari abadiñarrak: “Ziklo kros proba bere jaioterrian izango denez, Murgoitiori omenaldi bat egin gura izan diogu. Gainera, gaztetxoei seguru ilusio handia egingo diela beragaz aritzeak”.

Abadiño Muntsaratz klub berria

Abadiño Txirrindulari Elkartea orain urte bi desagertu zen. Talde hartako kide batzuen ekimenez, Abadiño Muntsaratz Txirrindulari Kirol Klubak sortu zuten iaz: “Orain urte bi apurtu zen zikloaren jarraipena da”, Gorostizaren esanetan. Durangaldeko Bizikleta Eskola proiektuaren barruan dago eta Elorriogaz batera kadete mailako txirrindulariei formazioa eskaintzeko ere lan egiten du: “Harrobiagaz lan egitea du helburuetako bat”.


ORDUTEGIA

09:30; Mutilen eta nesken kadete mailak.

10:30; Mutilen eta nesken gazte mailak eta emakumeen elite maila.

11:30; Promozio lasterketak.

12:00; Master 30/40/50/60.

13:00; Gizonen elite maila eta 23 urtez azpikoa.

14:00; Sari banaketa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!