Andeka Gorrotxategi, tenorea: "Opera zuzendari oso onak eduki ditut, eta eurengandik ere asko ikasi dudala uste dut"

Anboto 2014ko aza. 28a, 09:30
Argazkia: Lehior Elorriaga.

Munduko antzokirik ezagunenetako opera produkzioetan aritu izan da Andeka Gorrotxategi abadiñarra, azken urteotan, lanean. Durangoko Andra Marian eskainiko du emanaldia, bihar, 20:00etatik aurrera. Operako aria entzutetsuak eskainiko ditu, besteak beste, Mario Lerena pianistak lagunduta. Musika hamabostaldiaren barruko emanaldia da.

Mario Lerena pianistak lagunduta ariko zara Durangon. Aspaldikoa duzue elkarlana?
Bilbon ezagutu genuen elkar; Coral del Ensanche abesbatzean bakarka hasi nintzen, eta bertako piano-jotzailea zen Mario. Urtetan ez dugu elkar ikusi, eta emanaldi berezia izango da Durangokoa. Izan ere, udako Abadiñoko elkartasun kontzertua kenduta, Durangaldean ez dut askotan kantatu izan.

Zelakoa izango da emanaldia? Zer errepertorio dakarzue?
Kanta napoliar batzuekin hasiko gara, eta opera frantziar eta italiarraren lau aria eskainiko ditugu: besteak beste, El cid, Tosca, Carmen eta Andrea Chénier operetako aria bana.

Zelakoak izaten dira opera lan baten prestaketak?
Zatika egiten ditugu; normalean, eszenaka. Behin eszena ikasita, zuzendariak ematen dizkigun jarraibideak izaten ditugu oinarri. Azken astean hasten gara orkestra eta guzti entsegu orokorrak egiten. Sei-zortzi ordu iraun dezake entsegu orokor batek.

Badirudi egiteko modu oso zorrotzeko jarduna dela operarena. Horrela da?
Badauka egia parte bat horrek, bai: ordu asko sartu behar dira ikasten, eta diziplina handia behar da aurrera egiteko.

Zelakoa da zure bizimodua? Atzerrian bizi zara, ezta?
Batetik bestera nabil, eta atzerrian bizi naiz normalean, bai. Opera produkzioek hilabete inguru irauten dute, eta horren arabera moldatu behar izaten dut: hilabetez Madrilen, hilabetez Erroman, Sidneyn, Brasilen, edo Pekinen bizi naiz. Lanaren arabera bidaiatzen dut. Denbora librea daukadanean, beti saiatzen naiz Durangora etortzen.

Abeslari profesionala izateko eta operan lan egiteko aukerarik ez dago hemen?
Nire kasuan, hemen nik nahi nuen guztia ez zidatela irakatsiko uste nuelako joan nintzen atzerrira. Beste esperientzia eta irakasle batzuen bila joan nintzen Madril, Marseilla, Paris edo Erromara. Musika eskoletan hemen ere irakasten da kantua, eta eskoletatik urtero abeslariak ateratzen dira, baina ez dago lanik denontzat. Bilbon badaude opera denboraldi bi, baina hortik aparte ez dago zirkuitu bat. Mugitu beharra dugu: lan eginez ikasten da mundu honek zelan funtzionatzen duen.
 
Ahotsa berezkoa duzu. Baina zer da gehien landu duzuna?
Beste asko bezala, abestea ere landu egiten den gaitasun bat da. Denok daukagu ahotsa! Kirolean ere horrela da, esaterako; txikitatik orduak eta orduak korrika eman bagenitu, atletak izango ginateke, beharbada! Trebezia berezia izan dezakezu kantuan edo beste edozertan, baina teknika batzuk lantzen ez badituzu, ez duzu aurrera egingo.

Interpretazioa ere bada opera. Zelan landu duzu arlo hori?
Horretan ere lan eginez ikasi dut gehien; zeure burua geroz eta hobeto ezagutzen duzu... Gainera, opera zuzendari oso onak eduki ditut, eta eurengandik ere asko ikasi dut.

Zer erronka daukazu aurretik?
Salzburgon (Austria) datorren udan eskainiko dudan emanaldia oso inportantea da; opera jaialdi oso garrantzitsua da hangoa, oso mediatikoa; zuzendari asko egoten da publikoan. Batetik, abeslari italiarraren papera egingo dut El caballero de la rosa operan. Oso rol laburra da, baina opera horretako kanta polit eta ezagunenetako bat interpretatuko dut. Bestetik, Il trovatore operako tenorearen ordezkoa ere izango naiz.

Zure helburu profesionalak bete dituzula sentitzen duzu?
Beti dago zer hobetua eta ikasteko aukera. Nagoen lekuan pozik nago, baina hobetu egin gura dut beti. Geure buruarekiko pentsamendu kritikoa izatea oso garrantzitsua da, aurrera egiten jarraitzeko.

Zelan hasi zinen kantuan?
Kriskitin dantza taldean nenbilen, eta bertako lagun batzuek proposatuta hasi nintzen kontserbatorioko abesbatzean. Gizonezko ahotsak behar zituzten, eta animatu egin nintzen. Gutxinaka, mundu horretan sartzen joan nintzen. Espiral batean sartu, eta zaila da gero hortik ateratzea [barrez].

Zure etxean kanturako tradiziorik badago?
Bai, nire etxean beti kantatu izan da; arreba Durangoko Orfeoian ibilitakoa da, esaterako. Baina ez dira bereziki operazaleak izan. Musika folklorikoa entzun da etxean gehiago.

Jende askori arrotz zaio opera. Zergatik uste duzu dela hori?
Edozeri gustua hartzeko (jaki bati zein arte adierazpide bati), hainbat aldiz probatu behar dela entzun diot norbaiti, eta uste dut hori falta dugula, orokorrean. Bestalde, badirudi gaur egun dena izan behar dela momentukoa eta azkarra, eta arte klasikoak ez datoz ikuskera horregaz bat; denbora behar da musika mota honi gustua hartzeko, zaletasuna sortzeko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!