Aho batez onartu dute datozen urteetarako Euskara Plana

Anboto 2014ko aza. 27a, 11:46

Abadiñoko Independienteak taldeak, Bilduk eta EAJk, aho batez onartu zuten, martitzeneko udalbatzarrean, 2017ra arteko Euskara Sustatzeko Ekintza Plana. Merkataritza eta kirol arloetan eta familia transmisioan euskararen erabilera bultzatzea dira planaren helburu nagusiak.

Abadiñoko Udalak onartu duen euskararen bigarren ekintza plana da hau, eta udaleko Euskara Batzordean eta herriko talde eta elkarteek osatzen duten Euskara Aholku batzordean jorratu dute. Datozen lau urteetan hamabost esparrutan bete beharreko helburu orokorrak finkatzen ditu planak, eta baita helburu horiek lortzeko 45 ekintza zehatz ere. Besteak beste, haur jaio berrien gurasoei zuzendutako kontzientziazio kanpaina, helduentzako euskara eskolak, Berbalagun programa, edo ikastetxeetako eskolaorduz kanpoko jarduerak.

Argi Abad Euskara arloko zinegotziak azpimarratu du, "adostasunerako borondatea" izan dutela, gai honetan, udaleko hiru alderdi politikoek. "Oraindik lan handia dago egiteko euskararen normalizazio osoa lortu arte", esan du Abadek.

Euskararen ordenantza betearazteko eta Aholku Batzordeari eskumen handiagoa emateko beharra azpimarratu zituen Bilduk. Planean jasotakoa gauzatzeko herritar eta ordezkari guztien laguntza beharko dela esan zuen, bozeroale jeltzaleak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!