Daudenean mantenduko dituzte datorren urtean udal-tasa eta zergak

Anboto 2014ko urr. 29a, 10:53

Abadiñoko Independienteak eta EAJren aldeko bozkekin onartu zuten, atzo, 2015erako udal tasa eta zerga gehienak ez igotzea. Ordenantza fiskalak osotasunean aztertu behar liratekeela eta progresiboak izan behar luketela adierazi, eta abstenitu egin ziren Bilduko ordezkariak.

Antonio Serrano ogasuneko zinegotziak azaldu zuen, "krisi ekonomikoan, herritarrenganako presio fiskala ez gehitzea" izan duela gobernu taldeak tasa eta zerga gehienak ez igotzeko, helburu nagusia.

Serranok atzoko udalbatzarrean azaldu zuenez, bestalde, 2015. urterako ordenantza fiskaletan epigrafe berri bi sortu dituzte; San Blas azokan erakusmahaia ipintzeagatik udalak lehen ere tasa kobratu izan badu ere, orain arte epigrafe berezirik ez da egon ordenantzan.   

Bilduren mozioa, banderez

Udaletxean Espainiako bandera ipintzeko Abadiñoko Udalak jaso duen agindua, "inposizioa", salatzeko, mozioa aurkeztu zuen Bilduk atzoko udalbatzarrean. Abadiñarrak ordezkatzen dituen bandera ikurriña dela Bildugaz ados daudela esan zuen EAJko zinegotziak, baina horri buruzko erabakiak alkateari dagozkiola azpimarratu zuen.

Jose Luis Navarro alkateak, "legea bete behar dugu", azpimarratu zuen: "Inor ez zen ohartu Espainiako bandera ipini genuela, eta ez dugu honi buruz behin eta berriz aritu nahi: isilik jarraituko dugu". Jeltzaleak abstenitu egin ziren, eta mozioaren kontra bozkatu zuten Abadiñoko Independienteek ere. Bilduren mozioak, beraz, ez zuen aurrera egin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!