Antzerki mundua ezagutzeko ikastaroa, Banarteren eskutik

Anboto 2014ko ira. 22a, 09:10
Barikuan 'Guernica 1913' obra eskainiko du Banarte antzerki taldeak, Iurretako jaietan

Abadiñoko Banarte taldeak antzerki ikastaroa eskainiko duen zazpigarren ikasturtea izango da hau. Antzerki taldearen banarte@gmail.com posta elektronikoan eman dezake izena antzerkian aritu gura duen 15 urtetik gorako edozein pertsonak. Ohi bezala, urrian hasiko dute ikastaroa, eta ekaineko jendaurreko emanaldiekin emango dute amaitutzat.


Guztira 84 orduko ikastaroa izango da, eta Aitziber Bilbao Elorrioko aktoreak gidatuko du. 16 urtegaz Durangoko Geroa taldeagaz hasi zen Bilbao antzerkigintzan, eta Bartzelonan egin zituen clown arloko ikasketak.

Parte hartzen dutenak eszenaren mundura hurbiltzeko aukera eskaintzea da ikastaroaren helburua. Horretarako, hainbat jolas eta ariketa egingo dituzte partaideek; besteak beste, ahotsa, begirada, eszena mugimendua, kontzentrazioa eta inprobisazioa landuko dituzte.

Urritik abendura arte, interpretazioagaz lehenengo kontaktua egingo dute ikastaroko parte-hartzaileek, eta bigarren hiruhilekoan aukeratuko dute zer antzezlan prestatu eta erakutsiko duten ikasturte amaieran. Interesa daukanak Banarte taldearen www.banarte.net e-mailean topatuko du tailerraren inguruko informazio guztia.

‘Guernica 1913’, Iurretan
2013ko urrian Gernikako Lizeo antzokian estreinatu zuten Guernica 1913 antzezalana Iurretan eskainiko dute, irailaren 25ean. Ibarretxe kultur etxean, 19:00etan hasiko da emanaldia. Benetako gertakarietan oinarritutako obra da Banartek eskainiko duena: XX. mende hasieran Gernikan jazotako klase borrokari buruzkoa.

Armagintzako Esperanza y Unceta enpresako langile eibartarrek 1913ko udazkenean, Gernikan, egin zuten greba da antzezlanaren ardatza. Lantokia Eibartik Gernikara aldatu dietenean, Busturialdera lanera eta bizitzera doazen Fermín Larragoicoa eta Justina Garate bikotea, eta Arrate euren alaba dira antzezlaneko protagonistak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!