Irailean jasoko dituzte euskara ikasleen diru-laguntza eskariak udalean

Anboto 2014ko abu. 26a, 09:25

Errota kultur etxean zein Udal Mediatekan aurkeztu ahalko dituzte diru-laguntza jasotzeko euren eskaerak euskara ikastera joaten diren abadiñarrek.

 

2013-2014 ikasturteari dagozkion eskariak dira irailaren 1etik 30era arte herritarrek aurkeztu ahalko dituztenak. Eskaria egiteko, honako dokumentuak aurkeztu behar ditu eskatzailek: NANaren fotokopia, kontu zenbakia, matrikula ordaindu izanaren agiria, eta euskaltegiaren ziurtagiria.

Abadiñarrak euskarako klaseetara joatea bultzatu asmoz eskaintzen du Abadiñoko Udalak diru-laguntza hau. Udal ordenantzaren arabera, herrian erroldatuta egon behar du eskatzaileak, eta klaseen %80ko asistentzia frogatu behar du gutxienez, diru-laguntza jasotzeko eskubidea izateko.

Gobernu taldeak azaldu duenez, iaz 49 herritar izan ziren euskara ikasleei bideraturiko diru-laguntza hau jaso zutenak. Guztira, 8.000 euro bideratu zituzten, horrela, euskara ikasleak laguntzera.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!