Traña plazan egongo dira, aurten, San Prudentzio jaietako txosnak

Anboto 2014ko api. 23a, 09:19
Aldaketa horregaz, “egunez ere jaiaren parte izatea” bilatzen du Txosna Batzordeak.

 

Txosna Batzordearen hausnarketaren ondorioa da Traña-Matienako San Prudentzioetako txosnen kokagunearen aurtengo aldaketa: Traña plazan, agertokiaren inguruan ipini dituzte aurten txosnak. Aldaketa horregaz, “egunez ere jaiaren parte izatea” bilatzen du Txosna Batzordeak.

Egunez ere zabalduko dituzte txosnak kokagune berrian, txosnagunea adin guztietako herritarrentzako elkargune izateko; terraza bat ipiniko dute jendea eroso egon dadin, eta umeei zuzenduriko ekintzak ere antolatuko dituzte, besteak beste. Maiatzaren 2an, esaterako, umeentzako jarduerak eskainiko dituzte txosnagunean, 17:30ean hasita: grafiti tailerra, eta motortxo eta patinete lasterketa.

Apirilaren 26an zabalduko dute txosnagunea, eta jaien hasiera sinbolizatzeko, txupinazoa botako dute, 13:00etan. Lehenengo aldia da San Prudentzio jaietan txupinazoa botako dutena, eta Abadiño Xake Taldea aukeratu dute jaiei hasiera eman diezaion. Talde horretako kideek urte osoan Abadiñon egiten duten lana eskertu gura die Txosna Batzordeak horrela.

Jaiegunetan, egun osoan gura dute txosnaguneko jai giroa bultzatu, eta era guztietako ekitaldiak antolatu dituzte. Txupinazoaren ostean, esaterako, kuadrillen arteko jokoak egingo dituzte. Bestalde, apirilaren 30ean, DJ Bull ariko da Traña plazan musika ipintzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!