Abadiñoko udaletxeko fatxadan agertu diren pintadak gaitzetsi ditu Navarrok

Anboto 2014ko api. 15a, 11:58
Jose Luis Navarro Abadiñoko alkateak gogor kritikatu ditu ezezagunek asteburuan udaletxeko fatxadan egin dituzten Ertzaintzaren aurkako pintadak. Talde Independienteko buruak adierazi duenez, "benetan lotsagarriak" dira asteotan herriko kale eta eraikin publiko eta pribatuetan egindako antzeko pintadak. Erdarazko seinaleak ezabatzea ere kritikatu du. "Taliban antidemokraten" ekintza dela dio alkateak.

 

Abadiñoko alkateak gaineratu duenez, gertaera hauen inguruan salaketa jarri du Ertzaintzan, "egileak identifikatuak izan daitezen eta ez daitezen zigor gabe gelditu". Alkateak dio, herritarrak "kokoteraino" daudela ikusten nola "lau fanatiko" ari diren eraikin publiko eta pribatuak zikintzen "beraien aldarrikapen totalitarioekin". Pintada horiek garbitzeko 22.000 euro erabiliko dituzte. Krisi egoera honetan diru hori gizarte laguntzan erabili beharko litzatekeela dio alkateak: "Ekintza intoleranteak dira, ahaztuak genituen beste garai batekoak, baina zoritxarrez oraindik bizirik daudenak, herritar gehienen atsekaberako".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!