Herriko ikasleen ipuin lehiaketako sariak, banatuko dituzte gaur

Anboto 2013ko eka. 21a, 09:58
Gaur, 17:30ean hasiko dute sari banaketa ekitaldia; hiruna sari banatuko dituzte kategoria bakoitzean

Gaur, 17:30ean hasiko dute sari banaketa ekitaldia; hiruna sari banatuko dituzte kategoria bakoitzean.

 

Txanporta kultur etxean egingo dute, Abadiñoko Udalak bultzaturiko ipuin lehiaketaren sari banaketa ekitaldia, gaur arratsaldean. Peru Magdalena idazle durangarrak aurkeztuko du 17:30ean hasiko den ekitaldi hori, eta 640 euro banatuko dituzte saritan: adinka banaturiko kategoria bakoitzean hiruna sari. Gobernu taldeak zabaldu duen oharrean azaltzen denez, aurten 165 lan aurkeztu dituzte herriko umeek eta gazteek Abadiñoko ipuin lehiaketa honetara: iaz baino 35 gehiago.

 

Iazkoagaz alderatuta, bikoiztu egin da aurten Bigarren Hezkuntzako ikasleek aurkezturiko ipuinen kopurua. Hain zuzen, datu horixe nabarmendu gura izan du Argi Abad udaleko euskara arloko ardura daukan zinegotziak: “Oso positiboa iruditzen zaigu datu hori, adin horretan hartzen baitute gazteek ondo idaztearen garrantziaren kotzientzia”. Umeen eta gaztetxoen artean idazteko zaletasuna bultzatu gura dute lehiaketa honen bitartez Abadiñoko Udalak eta herri eskolak: umeak eta gazteak euskaraz idaztera motibatzea.

 

Udalak jakitera eman duenez, Miren Aroa Silva, Malen Goñi, June Carcavilla, Txomin Najera, Iker Escamez, Maialen Barruetabeña, Irati Bazeta, Nagore Malaxetxebarria, Lorea Solana, Txaber Altube, Jone Astorkia eta Amaia Roman izan dira aurten, ipuin lehiaketan, saritu dituzten idazle gazteak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!